Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoko sailburu den Rodolfo Ares ourensearrak, Carlos Urquijo legebiltzarkide eta Laudioko Udaleko zinegotzi popularrak duela zenbait aste igorritako galderei erantzunez, esan du Laudioko polizi etxea berritzeko lanek hiru milioi eurotik gorako kostua ekarriko dutela. Aresek esan duenaren arabera, kontratistek bere garaian eraikinak zituen arazoak konpontzeko zenbait lan egin zituzten arren, kostuek gorantz egiten zuten heinean lanok uztea erabaki zutela eta, funtsean, hutsegiteak konpondu barik utzi zirela.
Geroztik, Herrizaingo Sailak bide judizialari ekin ei zion arazook (itoginak, hezetasuna, zuloak…) konponarazteko bidean. Lan honen erantzukizunak hiru pertsonari dagozkie, hurrenez hurren: alde batetik, obraren kontratistak erreforma kostuen seirena hartu behar du bere gain, arkitektoak beste lau seiren eta, azkenik, aparejadoreak gainontzekoa.
Dirudienez problematika uste baino larriagoa da, izan ere, iaz burdinazko gerriko bat jarri behar izan zitzaion eraikinari fatxadako adreiluak erortzen hasiak zirela kausa. Dena den, Jaurlaritzak obraren erantzuleekin negoziazioetan jarraitzen du kostuak direla eta ez direla.