Euskara eta Gazteri Sailetik gaztetxoen artean euskararen zabalpena bultzatzeko aurkezturiko programak harrera ezin hobea izan duela aitortu du Laudioko Udalak ostiralean emaniko prentsaurrekoan. Hainbat ekimenez osaturiko jardunaldiek hain arrakasta handia izan dute ezen udalak jardunaldietara apuntatzeko beste talde batean izen emateko epea ireki behar izan duen eta programa zabaldu eta indartzeko erabakia hartu duen jardunaldi eskaintza urte betetik bi urtetara pasatuz. Ekimenotan parte hartuko duten 62 gazteek datorren azaroaren 14an izango dute lehen zita, Gorobelen zehar, Untzagatik Urduñara, mendi ibilaldi bat antolatu baitiete, mendiko materialei buruzko hitzaldi eta ikastaro batez gain. Gaztetxoen gurasoek programari buruzko zenbait gairen inguruko hitzaldia izango dute azaroaren 3an arratsaldeko 17:30ean Laudioko Herriko Plazako erabilera anitzeko gelan. Bukatzeko gogoratzen dizuegu ekintzotan izena emateko epea hilaren 10ean bukatuko dela; argi ibili, beraz.