Laudioar ezkerreko subiranotasunak parte hartzearekin duen erabateko konpromisoa oso urrunetik dator. Franco hil ostean, Laudioko lehen zinegotzi abertzale eta aurrerakoiak aukeratuak izan zirenean, Pablo Gorostiagaren eskutik garatu ziren gaur eguneko azpiegitura nagusien oinarriak (auzo batzarrak eta asteroko batzorde irekiak).
1991. urtean, EAJren kudeaketaren ondorioz, auzo batzarrak desagertu baziren ere, 8 urte beranduago, Euskal Herritarrok eta Eusko Alkartasuna gobernu taldean zeudela, berriz ere, berreskuratuko ziren foro horiek. Ereindako hazi horri jarraipena eman nahian, 2012. urtean, EH Bildu kudeaketan zegoelarik, parte hartzea bultzatzeko ekimen desberdinak gauzatu ziren. Horien artean, adibidez, koalizioak araudi berri bat onartzeko lanak hasi zituen, baina udalaren egoera politikoak eta gainontzeko alderdiek egindako oposizio suntsitzaileak ez zuen haratago joateko aukerarik eman.
Legegintzaldi honen erdialdean, gobernu taldeak araudiaren eguneratze lanari ekin dio, eta guk ekimena modu positiboan baloratzeaz gain, arduratsu jokatu dugu ekarpen ugari eginez. Hasieratik, argi izan dugu oposizio eraikitzailea egingo genuela, inolaz ere suntsitzailea, eta bide horri ekiteko asmoz, eskua luzatu genien gainontzeko alderdiei proiektuan elkarrekin lan egiteko.
Bidean dagoen araudian, ondorengoak izan dira gure proposamenak: bizilagunen ordezkaritza nabarmen handitzea, eztabaidarako eta deliberaziorako eskubidea indartzea, berrikuntza teknologikoak eta aurrez aurreko erraztasunak txertatzea, eta parte hartze organoen sarea handitzea, besteak beste.
Apustu sendoa egiten dugu Laudio eredu eta aitzindaria izan dadin partaidetza dinamiketan, eta, hala, animatzen ditugu laudioarrak erregelamenduari ekarpenak egiteko araudia elkarrekin elikatzen jarrai dezagun. Herritarren proposamenak jasotzeko epea urtarrilaren 2an bukatuko da, eta udalaren web gunean, parte hartu atalean, topa daiteke araudia eta jarraibideak.
Parte hartzea gure herria aberastuko duen tresna bat dela sinistuta, bakoitza gure esparrutik, ekarpenak egiten jarrai dezagun. Parte hartzearen bidea denon artean egin dezagun.