Tik-tak, tik-tak, tik-tak,… denbora badoa. Baditugu sanrokeak ate joka. Ortzaldeari begira eguratsak eta giroak kontrakoaz konbentzitu nahi izan arren, udaren ekuadorean gara dagoeneko, eta gure udalerriko jai nagusiak ospatzeko eta gozatzeko tenorean gara. Ez dute sentsazio bera izango hilabeteak eta hilabeteak lanean daramatzaten pertsonek. Doazkiela beste ezer baino lehen, nire besarkadarik eta eskerrik beroenak sanrokeen prestakizunetan ibili diren zein jaietan lanean ibiliko diren pertsona eta kultura erakunde guztiei. Urtero bezala, era askotako eta gustu guztietarako hainbeste ikuskizun prestatu izan da. Normalean, antolatzeko ardura izaten dutenek, pertsona guztiengana heltzeko saiakera egin ohi dute. Jaiak, festak, ondo pasatzeko eta gozatzeko dira; bat ere zalantzarik ez. Baina norberak gozatzeaz gain, gainerakoek gozarazteko beta ere ematen digute. Izan dezagun honakoa uneoro kontuan, beraz.
Ez nuke amaitu nahi izango, edozein arrazoirengatik gurekin ez zaudeten laudioar eta inguruko guztiei zaudeten tokietan zaudetela, abuztuaren 15ean eguerdiko 12:00ak aldera Laudioko ardo apardunaz beteriko kopa altxatzeko eta topa egiteko gonbidapena egin gabe. Besarkada bana, ondo pasa eta disfrutatu berdintasunean gure sanrokeak!