Etxebizitzaren arazoa areagotu da azken urteotan, eta bere eragina Aiaraldean nabarmena da. Etxebizitzen prezioak astero igotzen omen dira eta alokairuaren eskaintzarik ia ez dago. Oro har, eskaintza eskasiak prezioak esponentzialki igotzea dakar, merkatu librearen logikari jarraituz.
Gaur egun, etxebizitza baldintza oso zehatzetan eskuratzen da: erosi ahal dutenek, diru-sarrera egonkorrak frogatzeaz gain, kasu gehienetan, nolabaiteko ondarea duen familaren laguntza izan behar dute. Aldi berean, etxebizitza bikote proiektu batetik kanpo lortzea oso zaila da. Alokairuaren kasuan, betekizunak gero eta zorrotzagoak bihurtzen ari dira. Gainera, partikularren arteko akordioek, hain estandarizatua ez den eremu bat izanik, askotan irizpide arrazista, klasista, LGTBIQ-fobikoak, etab. hartzen dituzte, gizarte-bazterketa sortzen duten dinamikak areagotuz.
Guzti horren ondorioz, etxebizitza eskuratu ahal duten eta ezin dutenen arteko arrakala gero eta sakonagoa bihurtzen ari da. Etxebizitza bizitzarako hain oinarrizkoa den baldintza izanik, arazo honek gizarte mailan dakartzan ondorioak ezin dira alde batera utzi: bazterketa arriskua handitzen da kolektibo zaurgarrietan eta gero eta gizarte maila gehiago sartzen dira kolektibo horietan (are gehiago kontuan hartzen baditugu kaleratzeen gorakada, lan-baldintzen eta zerbitzu publikoen hondatzea, eta, oro har, bizitzaren garestitzea). Era berean, indarkeria matxista edo etxeko indarkeria LGTBIQ-fobiko egoeretatik irteteko autonomia ere jokoan jartzen da.
Hori esanda, azkenaldian eskualdean bizitzen ari garen egoeren aurrean (hala nola etxeetan gertatzen ari diren lapurreten ikusgarritasuna edo elkarbizitzari eragiten dioten beste egoera batzuk) harrigarria egiten zait oinarrizko baliabideak eskuratzeko zailtasunaren eta horrelako gertaeren areagotzearen arteko lotura erraz ez egitea. Badirudi errazago erortzen garela irakurketa arrazistan edo segurtasuna indartzeko eskaeran, hain irtenbide sinplea balego bezala herritarren bizi-baldintza onak gero eta gutxiago lehenesten dituen sistema batean erroak hondoratzen dituen arazo baten aurrean.
Diskurtso komunean, egoera horiei aurre egiteko orduan, erantzukizun publiko eta komunitarioa gero eta ahaztuagoa omen dago. Errefortzu polizial edo zigortzailetik harago begiratzen duen erantzuna. Bazterkeria eta askotan etsipena edo bizirauteko saiakerak baino islatzen ez dituzten jarrerak sustatzen dituzten errealitateekiko erantzunkizuna.
Zergatik ez dugu eskatzen etxebizitzaren merkatuaren erregulazio publikoa? Zergatik ez dugu hitz egiten merkatu librearen eta muturreko indibidualismoaren logikei aurre egiten dieten etxebizitza komunitarioez edo etxebizitza-kooperatibez? Logikoa da bizitzen ari garen errealitatearen aurrean eta elkarbizitzaren hondatzearen aurrean egonezina sentitzea, baina beharrezkoa da bestearekiko beldurretik harago begiratzea, beharrezkoa da loturak egitea.