Merezitako Garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Nerbioi Rugby Elkartea 2016ko api. 12a, 07:50

Bigarren astez jarraian Erreforrean jokatzen zuen Nerbioi taldeak. Partidu berezia zen, etxean jokatuko zuten ligako azkena eta joanean Funesen emandako irudi kaskarra kentzeko irrikitan zegoen taldea, baita zaleei beste garaipen bat eskaintzeko ere.

Nahiz eta arratsalde gris eta freskoa izan, zale ugari hurbildu ziren, eta gure jokalariak oso gogotsu ekin zioten partidari. Errugbi bizi eta gogorra gauzatu zuten etxekoek hasieratik eta minutuak aurrera egin ahala nafarrek gure gazteei eusteko arazo ugari izan zuten.

Entseguak heltzen hasi ziren Aiaraldeko taldearen alde, batez ere zati bakoitzaren bigarren erdietan. Funesekoek bigarren zatiaren lehen txanpan izan zuten entsegua lortzeko aukera, baina gure defentsa ikusgarriak atzera bota zituen kanpotarren eraso guztiak.

Minutuak aurrera egin ahala, Funesekoen nekearen ondorioz (izan ere aldaketa bakarrarekin etorri ziren) eta gureen intentsitate altuari esker, etxekoek partidua guztiz kontrolatzea lortu zuten, garaipen eztabaidaezina eskuratuz.

Azken emaitza 40-0ekoa izan zen (Entseguak: Jonguik 3, Txitinek 1, Alexek 1 eta Mendik 1; transformazioak: Unaik 4 eta Mendik 1). Emaitza oso ona, 2. Fase honetako taldeko lehen posizioan kokatzen duena taldea, azken jardunaldian Urgozoren aurka (Zornotzan) erabakiko den lehen posizioan.

Taldeak, kostata eta asko sufrituta denboraldi osoan zehar, lortu du azkenean bere jokoa gauzatzea. Motibazioa ez da faltako azken partiduari aurre egiteko eta denboraldia zapore onez ixteko.

Berriz ere, zaleei eskertu beharra dago denboraldi osoan zehar taldeari emandako berotasuna. Bultza Nerbioi! 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide