Asteburu honetan ere errugbia izan dugu agendan. Oraingoan, etxean jokatzea suertatzen zen, baina ez ohiko moduan, igande goizean izan baitzen partida. Aurrean Urgozo taldea zegoen, guretzat oso talde ezaguna. Iaz 3-tan egon ziren aurrez aurre Aiaraldeko eta Zornotzako taldeak, eta garaipen guztiak gureentzat izan ziren. Etxeko taldea beste garaipen bat lortzeko intentzioarekin zelairatu zen, baina helburua lortzea ezinezkoa gertatu zitzaien.
Lehen zatian Zornotzarrak izan ziren jaun eta jabe. Gureek eskeinitako zigor kolpeak ondo baliatu zituzten entsegu batekin batera markagailuan aurre hartzeko. Gureek erasoan zein defentsan ez zebiltzan bat ere zehatz, baloi asko oparituz, eta bakoitzak bere aldetik jokatuz. Hori dela eta, etxeko taldeak entsegua (Javirena) lortu arren, markagailuan atzetik joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian taldeak erreakzio txikia erakutsi zuen, baina hori baino ez zen izan, erreakzio txiki bat. Taldearen jokoa oso motela zen, entrenatutakoarekin zerikusirik ez zuen eta talde-lanaren ausentzia zen nagusi. Jokaldi puntualetan soilik egiten zuen min erasoan haraneko taldeak, eta horiei esker markagailua zerbait itxuratzea lortu zuten (Josu eta Ivanen entsegu eta Unairen 2 konbertsioei esker). Azken emaitza 19-30.
Taldea aurreko jaurdunaldiko bera izan zen (Gamarran ikusi zena). Zehaztasun eta orden gutxirekin, berain maila baino askoz baxuagoa erakutsiz. Agresibitate falta izugarria ikusi zen, eta zenbait momentutan partida irabazteko gogo falta zegoela zirudien. Taldea hau ez zen Arratiko edo Elorrioren aurka ikusitako bera. Baina maila artara itzultzeko lanean jarraitzeko prest daude gure gazteak. Horretarako aste bi izango dituzte, ligako liderrari bisita egin aurretik (Arrasateri). BULTZA NERBIOI!