Arratsalde beroa izan zen larunbatekoa Bilboko El Fango zelaian, “La Ermita-n” etxekoek deitzen dioten bezala. Gure taldea ez zen egoerarik onenean heldu hitzordu honetara, jendez justu eta zenbait jokalari garrantzitsuren falta zirela medio. Bestalde, bilbotarrek duten guztiarekin zeuden gureen zain, aurre-denboraldian Aiaraldekoen aurka jasandako porrotak utzitako zapore txarra kitatzeko gogo biziz.
Partida hasi eta berehala argi ikus zitekeen gure mutilak ez zutela beraien egunik onena, 22ko lerrotik ezin irtenda eta inolako joko konbinaketarik gauzatu gabe. Ez zen denbora asko igaro bilbotarrak entseguak lortzen hasi zirenerako, ondo egituratuta zegoen haien taldea zelaian eta alde batetik bestera erraztasunez mugitzen zuten baloia. Gureak, aldiz, bakoitzak guda bere kasa irabazi zezakeela uste zutela zirudien, talde-lanaren presentzia minimoetara mugatuz.
Bistan da, horrelako jokoa gauzatuz ezinezkoa egin zitzaiela gureei intentsitatea partida osoan mantentzea. Horrela ba, zenbait jokalari etsita agertu ziren partidako azkan txanpan bizkaitarrei entseguen lorpena erraztuz. Azken emaitza 46-0 izan zen, guztiz merezitakoa.
Dena dela, gauza positiboak ere atera daitezke gureen partidatik. Hala nola, berriek erakutsitako jarrera, gero eta konfidantza gehiago dute, jokoan beraien parte-hartzea handituz. Denboraldia luzea da eta honelako partidetatik asko ikasi daiteke. BULTZA NERBIOI!