Arratsalde historikoa

Erabiltzailearen aurpegia Nerbioi Rugby Elkartea 2015ko abe. 23a, 10:33

Esan bezala, arratsalde historikoa bizi izan zuen gure taldeak larunbatean Erreforreko zelaian. Ligako lehen entseguak lortzeaz gain (konkretuki 4, erasoko bonusa eskuratuz), sailkapenerako lehenengoko puntuak lortu zituen gure eskualdeko taldeak, Gaztedi talde Gasteiztarraren aurkako partidan 24 puntutara berdinduta. Honela, taldeak 3 puntu lortu zituen sailkapen nagusirako.

Partidua oso berdindua izan zen jokoari dagokionez, gasteiztarrek kontaktua bilatzen zuten etengabe (beraien aurrelariek zuten pisu nagusitasuna aprobetxatu nahian) eta gureak joko horretan erori ziren. Horrela izanda, 1-3 entsegutako partzialarekin bukatu zen lehen zatia kanpokoen alde. Gureen entsegua Daviden eskutik etorri zen, berriz ere jokalari beteranoaren inteligentziaren erakustaldia gauzatuz.

Bigarren zatia hasita, partida hasieran gasteiztarrek zuten pisu abantaila desabantaila bilakatzen joan zen, nekea handitzen zen heinean. Bestalde, gure mutilek ez zuten erritmoa eta intentsitatea momentu bakar batean ere jaitsi, aldeko 3-1eko partziala lortuz bigarren zatian. Bigarren zatiko entseguak Gotzonen (maul bat egiteko ahaleginaren ostean eginikoa), Jonguiren (jokaldi indibidual baten ondorioz) eta Mendiguren txikiaren (Julenekin batera gauzatutako jokaldi politaren emaitza gisa) eskutik heldu ziren. 

Aipagarria da, lehenengoko aldiz denboraldi osoan zehar taldea intentsitatea eta defentsa ordena mantentzeko gai izan zela partida osoan. Gogor eta kementsu jokatu zen 80 minutuetan eta orokorrean lekua galdu gabe, honek eman zion etxeko taldeari norgehiagoka lehiatzeko aukera. Hala ere, hobetzeko gauza ugari geratzen zaizkio taldeari. Besteak beste, errugbia inteligentzi gehiagoz jokatzekoa, aurkariaren ezaugarrien arabera jokoa moldatzekoa (esaterako, pisu gehiagoko taldeen aurka kontaktu zuzena etengabe ez bilatzea).

Behin lehen emaitza onak jasota bideari jarraitzeko indarra mantendu beharra dago. Bultza Nerbioi! 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide