Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Nerbioiko Parke Linealeko Markijanatik Salbioko geralekuaren arteko bizikleta-pasealekua gauzatzeko obrak aterako ditu lehiaketara. Horretarako 1.215.335 euroko aurrekontua dago aurreikusita gehienez ere zortzi hilabeteko epean burutu beharreko lan hauetarako.
Tarte hau 1.330 metroko luzeeran burutuko da. Hiru pasabide eraikiko dira eta 13 metroko luzeerako trenbidearen azpiko pasagune bat. Aldi berean ibai bazterreko 2 hektarea itxuraberrituko dira.
Orain artean Gardea eta Luxaondo lotzen dituen 3,4 kilometroko zatia burutua dago, eta Luxaondo eta Markijana lotuko dituen tartean lanak hasiak daude.
Nerbioiko Parke Lineala, 33 kilometroko ibilbideaz, Nerbioi ibaiaren goiko tartearen albotik igaroko da, Delikako ur-jauzitik hasita Arakaldon Altube ibaiarekin elkartu arte.
Errepidez eta, batez ere, trenbidez iristerraza izango denez (aldiriko zerbiztuekin), lurralde ekipamendu gisa txertatzen da. Gainera Aiarako Eremu Funtzionala egituratzen eta batzen lagunduko du.
Plan Berezi honen helburuen artean, Nerbioi ibaiaren segurtasuna areagotzea, hodi biltzaileak eraikitzea, bizikleta-pasealekua sortzea, lurzoru urbanizaezinean dauden erabilerak arautzea, industria-kokaleku jakin batzuen irudia eta apaindura hobetzea eta intereseko espazioak ingurumenaren aldetik babestea ditugu besteak beste.