Lucas Rey Haur Ikastetxeko jolastokiko estaltze lanak egiteko zuzendaria bilatzeko lanari ekin dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Duela bi urte onetsitako proiektua da hau, gehienez ere 12.538 euroko aurrekontuarekin burutu beharko dena.
Gurasoen Elkartearen iritziz, erabat beharrezkoak dira lanak, bost urtetik beherako azpiko 100 bat haurrek euri egunetan kalean jolastu ahal izateko babesa izan dezaten, orain arte ikastetxeak duen frontoia, sei urte baino gehiagoko haurrek soilik erabiltzen baitute.
Ikastetxea berritzeko lanetan Eusko Jaurlaritzak 700.000 euro baino gehiago jarri ditu azken urteotan, eraikinaren gainalde eta txorrotak, komunak, leihoak, eta ateak berritzeko, baita eraikinaren fatxadako kalteak atontzeko ere. Konponketa hauetaz gain, berotze sistemaren aldaketa egitea aurreikusita dago, gasolioz dabilenaren lekuan, gasarekin dabilena jarriz.