“Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa”ren helburu eta edukiak aurkeztu zituzten herriko hainbat eragile politiko, sozial eta sindikal sinatzaileek ekitaldian, eta 85 pertsona inguru elkartu ziren bilkuran. Halaber, akordioan hitzartutako baldintzak biltzen zituzten kartelak jarri ziren herriko pasealekuan barreiaturik, asteburu osoan zehar herritarren eskura utziz.
Horrela, gatazka politikoa eta borroka bortitza bake-eskenatokirantz eta konponbide demokratikorantz bideratzeko Euskal Herrian bizi den aukera baliatzearen akordioari babesa eman zitzaion herrian. Zentzu horretan, bermatutako indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako hastapen gisa aldarrikatu zen hitzarmena. Era berean, elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzearen beharra agerian utzi zuten, hala gatazkaren zergatiak nola ondorioak aztertzeko.