Amurrioko Udalak osoko bilkuran Partidu Popularrak aurkeztutako mozioa onartu du. EAren eta PPren aldeko bozkak, EAJren abstentzioak eta EAEren eta PSEren aurkako botoek herrian hiltegi osoa ezartzeko lursaila uzteko konpromisoa berretsi dute. Onartutako proposamenak balizko bazkideei, eraikitze inbertsioak zein zentruaren egokitzapenak arintzeko, langile zein elkargo publikoen laguntza eta aholkularitza bermatuko lieke. Aurkeztutako bideragarritasun ikerketa onartzeak hasiera emango lioke prozesu guztiari.
Ezker Abertzalea aurka agertu arren, mozioa aurrera atera da Eusko Alkartasunaren eta Partidu Popularraren elkarlana dela medio
Amurrioko Ezker Abertzaleak Araban kokatuko litzatekeen hiltegi osoaren proiektua badela ziurtatu du hainbat eragileri galdetu eta gero. Agurainen kokatutako harategi zentro oso bat ezartzeko egitasmoa Arabako harakintza kolektiboaren (Arabako abeltzain gehienak, harakinak eta handizkako merkatariak biltzen dituen taldea) eragileen artean adostua eta bultzatua legoke. Eusko Jaurlaritza zein Arabako Foru Aldundia asmo horren atzean daudela azpimarratu nahi dute, hala erakusten baitu euren ustez Arabako Abeltzainen Elkartea sortze aldera emandako diru-laguntzak. Sektorea bultzatu eta lekuan lekuko produktuei lehentasuna ematea dago Aguraingo egitasmoaren helburuen artean, horregatik lehen sektorearen gehiengoa proiektuaren atzean dagoela gogorarazten digu udal talde ezkertiarrak.
Aurrekari horiekin, Talde Popularrak proposaturiko konpromisoa onartzeak Agurainen ernatzen ari den proiektua kolokan jar lezakeela salatzen dute EAEko zinegotziek. Aguraingo proiektua bertan behera geratuko balitz eta eskualdean hiltegi bat jartzearen balizko egokitasunetik abiatuta, bideragarritasun azterketa egin dadila eskatuko luke Ezker Abertzaleak, gehiago ere, eskualdeko herri guztiak kontutan hartzeraino.