Krisi hitzak hainbat esanahi ditu, baina guztiek badute zerbait komunean: aldaketa bortitzak eta horri aurre egiteko zailtasunak: eremu pertsonalean, familiakoan... Oraingoan, egun bizi dugun krisi ekonomikoaz arituko naiz. Atzeraldi Handia deitu izan diote 2007an hasitako honi. Kaleko hizkeran, esango genuke gu erailtzen ari den krisia dela, gure etxeetako esperantza husten ari den krisia dela. Hala ere, badago kezkagarria den zerbait: egungo egoera suertatu zuen finantza-krisia atzean geratu da. Ordutik, sei urte baino gehiago pasa diren arren, ekonomiak ez du funtzionatzen, edo ez behintzat enplegu betearekin. Krisiaren aurretik, familiak zorpetuta zeuden, etxebizitzen burbuila erraldoia zen, eta Euskadiko langabezia maila %8,32 zen. Orain, berriz, burbuila horren indigestioa baretuta, langabezia tasa %15,7 da. Batzuentzat, ez da behin-behineko krisia. Alderantziz: mundu-mailako aldaketa geopolitiko, ekonomiko eta sozial handi baten atarian gaudela diote. Aditu gisa aurkeztuak direnak teoria klasikoetaz eztabaidatzen ari dira: zer ote den sustatu beharrekoa: austeritate handiagoa ala gastu publiko handiagoa. Baina hori alde batera utzita, gauza jakina da teoria darwinistak aplikatu beharko ditugula: biziraun nahi baldin badugu, gure ingurura egokitu beharko gara, beharrizanak bertute bilakatuz. Eta ez dezagun ahaztu, hortan euskaldunok badugu-eta nolabaiteko esperientzia historikoa: anekdota gisa, primerako jakia eskaini diogu munduko sukaldaritza-kulturari: makailaua pil-pilean prestatzea.