Krisi ekonomikoaren ondorioz agerian geratzen da lehendik ere gure gizartean zegoen desberdintasun ekonomiko eta soziala. Baina ez hori bakarrik: desberdintasun hori, egunetik egunera, gero eta zabal eta sakonagoa da.
Berdintasun ezak arazoak dakarzkio gizarteari, eta horrek denok kezkatzen gaitu. Baina kontua ez da arazo horiek deskribatzea bakarrik, konponbideak eskaintzea baizik. FUNCAS Aurrezki Kutxen Fundazioak ikerketa bat argitaratu du aurten, Autonomia Erkidegoen krisi-garaiko ekonomiari eskainia. Ikerketaren arabera, pobrezia ekonomikoko adierazle txikiena dauka Euskadik, Espainiako desberdintasun-maila txikiena, hain zuzen ere.
Azken 30 urtean zehar Euskadiko per capita errenta ikusgarri handitu da. Alemania, Frantzia edo Danimarkaren pareko mailetara iristeraino. Hori garrantzitsua da. Baina garrantzitsuena da errenta hori nola banatu den. GINIren koefizientea erabiltzen da herrialde baten baitako desberdintasuna neurtzeko. Koefiziente hori 0 eta 1 arteko zenbakia izaten da, berdintasun eta desberdintasun perfektuak adierazten dute, eta bider ehun egiten da. Bada, 1986tik 2012ra Euskadin GINI indizea 28tik 25era jeitsi dugu. Gogoratu dezagun Suediak 24 daukala, eta Espainiako bataz bestekoa 30etik gorakoa dela.
Egoera honetara iristea posible izan da Euskadin autogobernua egoki aplikatzeko egindako ahalegin eskergari esker eta, gainera, horren ondorioz sortu da Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema. Sistema horrek 400 milioi euroko urteko aurrekontua dauka, eta onuradunak dira diru-sarrera txikien jasotzen duten herritarren %20a.
Horregatik, tarteka marteka, komeni da gogoratzea Euskadin azken 30 urteotan egindakoa, baita gizarte-kohesioaren inguruan, beste batzuk dena suntsitzen ari ziren bitartean.