Hirugarren Gerra Karlista baino lehen, batzar orokorrek eta foru aldundiek jasotzen zituzten zergak. 1876an gerra amaituta, eta Madrilgo gobernuarekin elkarrizketa askoren ondoren, akordio batera iritsi ziren. Ondorioz, Euskal Lurraldeek, denbora jakin batez, modu berezian ordainduko zituzten zergak: diputazio probintzial berriek jasoko zituzten kontzertatutako zergak (adostasun edo kontzertupekoak), eta Estatuko Ogasunari ordainduko zizkioten, azken honek jasotzea espero zuen pareko kantitatean. Jasotakoaren eta Estatuari ordaindutakoaren arteko diferentzia euskaldunontzat gordeko genuen.
Hori izan da ordutik hona, gorabehera historiko batzuk aparte, gure burua gobernatzeko sistema.
Modu horretan, Estatuak ez du bere gain hartzen zergak jasotzeko modua, lan desatsegin hori euskal erakundeen esku utziz. Horiek dira herritarrei zerga-karga bat ezartzeko erabakia hartu behar dutenak. Zenbat jaso gure ardura da erabat, eta ondorioz, mekanismo horren arriskuak gure gain hartzen ditugu.
Euskadiko zergak ezar ditzakegu, baina ordainetan, gure ardura da jasotakoarekin herria finantzatzea. Horrekin ez baldin bada nahikoa guk nahi ditugun zerbitzuak mantentzeko (hezkuntza, osasuna, errepideak eta abar), eta Estatuari zerbitzu komunak ordaintzeko (Errege Etxea, Ejertzitoa, TVE eta abar), ez daukagu inori laguntza eskatzerik. Euskadi eta euskaldunok galdu-gordean jardunda daukagu Kontzertua. Edonork uler dezakeen moduan, Kontzertu Ekonomikoa pribilegio batekin parekatzea gezur handi bat baino ez da.