Azkenaldian pentsioak kobratzeko aurkituko ditugun arazoei buruz asko hitz egiten da herritarren artean. Apurka-apurka pentsioen zuloa estaltzeko zergen igoera milaka milioikoa izango dela zabaltzen ari da.
Egia esanda, agian horrela izan beharko da; baina orain interesatzen zaidana da azaltzea nola gastatu diren edo nola xahutzen ari diren guk jarri ditugun milaka milioi horiek.
Gobernuak itsulapikoa errekurtsoz hornitu nahi du; eta horretarako, hau da, defizita finantzatzeko, zergak igotzea proposatuko digu. Itsulapikoa betetzeko baliabide ekonomikoak lortzea garrantzitsua da, baina horretarako lehenago egiaztatu behar da itsulapikoak beste zulorik ez edukitzea. Guk jarriko ditugun baliabideak beste zuloetatik ez jariatzeko.
Beheko zuloa estali arte, goiko aldetik dirua sartzeak ez du ezertarako balio. Itsulapikoa sakonean ixtea beharrezkoa da; langileok egindako ekarpenak eta zergen igoerak zulo handi horretatik alferrik joan ez daitezen.
Zergak igo baino lehen ahalegin bikoitza proposatzen dut: alde batetik, iruzurgileei segika ibiltzea, eta bestetik Administraziotik gastuen kontrola optimizatzea.