Historia errepikatzen ari da. Egun hauetan Ertzaintzaren hainbat jokaera zakar ikusteko aukera izan dugu. Donostian gazte bati masailezurra hautsi diote pilotakada baten ondorioz eta Sestaon sudurra CCOO sindikatuko kide bati, borra kolpe batekin.
EAJren iritziz, Ertzaintza totem sakratu bat da. Baina ez da horrela, polizia guztien joera eta ekintzak dira kritikagarriak. Funtzionario publiko hauen ekintzen ondorioak mingarriak eta agerikoak direnean are salagarriagoak dira.
Egia da kudeatzeko egoera konplikatuak biziko dituztela baina funtzionario publikoak dira, egoera zail horiek kudeatzeko ordaintzen diegu. Formazio bat jaso dute, giza eskubideak oinarri, jokatzeko arauak eta protokoloa dituzte. Protokolo hauek betetzen ez dituztenean ondorio bat izango dutela jakin behar dute; guk, arau bat hausten dugunean, ondorio bat pairatuko dugula dakigun moduan.
Iñigoren kasuan epaiak argi eta garbi adierazten du Iñigo hil zuteneko gauean ez zela inongo istilurik egon, poliziak erabilitako indarra proportzio gabekoa izan zela eta Iñigo zauritu ondoren egindako ikerketa negargarria izan zela. Hala ere, horrek ez du ondorio nabarmenik ekarri agenteentzat edo Ertzaintzarentzat.
Talde politiko askok babesten dute Ertzaintzaren bortizkeria hau. Eta babes horrek zigorgabetasuna dakar. Eta ni nazkatuta nago, poliziaren bortizkeriak inolako ondoriorik ez ekartzeak nazkatuta.
Ekonomikoki eta sozialki garai latzak datoz, kalean mobilizazio asko aurreikusten dira. Beste polizia eredu baten beharrean gaude.