IRITZIA

Izendatzaile komuna

Erabiltzailearen aurpegia Oier Amorrortu 2024ko mar. 10a, 12:00

Tubacex enpresako lan gatazkan Ertzaintzak erabilitako foam jaurtigaia. / Aiaraldea.eus

Erkoreka Segurtasun Sailburuak, prentsaurrekoa eskaini berri du, azken egun eta asteotako Ertzaintzaren jardunen inguruko informazioa emateko. Prentsaurrekoan adierazitakoaren laburpena: Ertzaintza beti ondo jarduten da. Sailburuak babes osoa eman die Ertzaintza eta dispositibo horietan parte hartu duten ertzainei, eta inolako lotsarik gabe, gertakari / istilu guzti horien atzean ideologia politiko zehatz bat dagoela gaineratu du. Talde antolatu eta biolentoa omen dago istilu hauek antolatzen.

Hamaika mobilizazio ezberdin burutzen dira Euskal Herrian, eragile sozial ezberdin eta anitzek antolatuta, eta gehienak istilurik gabe bukatzen dira. Eta istiluak sortzen diren guzti horietan izendatzaile komuna dago, Ertzaintza. Futbol partida, etxegabetzea, lan-gatazka, greba, aldarri feminista edo herrietako jaiak izan, istiluetan agertzen den elementu oldarkor konstante eta komuna Ertzaintza da.

Ertzaintzaren oldarraldi hauek zaurituren bat eraginez gero, Ertzaintzak eta ertzainek Segurtasun Sailburuaren babes osoa jasotzen duten bitartean, zauritutako herritarra, istiluen eragile bezala seinalatzen du Sailburuak. Eta hori gutxi balitz, azken egunotan, fokoa Ertzaintzaren gain jarri ordez, “kaleak astintzen” dituztenengan jarri behar dugula esaten ari zaizkigu. Hau da Segurtasun Sailaren, Sailburuaren eta Ertzaintzaren sindikatuen eta arduradun politiko batzuren gidoia.

Ertzaintzaren oldarraldi hauek zaurituren bat eraginez gero, Ertzaintzak eta ertzainek Segurtasun Sailburuaren babes osoa jasotzen duten bitartean, zauritutako herritarra, istiluen eragile bezala seinalatzen du Sailburuak

Jendarte moduan, arazo larria daukagu Segurtasun Sailak, sailburuak, Ertzaintzaren sindikatuek eta arduradun politiko batzuk darabilten gidoi eta diskurtso arduragabe honekin.

Ertzaintzaren gaineko ardura izan duten PNV eta PSE-ko Sailburuek, urte luzeak eman dituzte Ertzaintzaren basakeriak zuritzen eta inpunitatea bermatzen. Ez dute inoiz jardun polizialik zalantzan jarri edo kritikatu, eta jokabide horrekin munstro bat sortu dute, ase-ezina den munstroa.

Azken urtean, Ertzaintzaren mugimendu “asindikala” jaio da. Urte osoa darama mugimendu honek Segurtasun Saila eta bere arduradunak mehatxatzen. Beraiekin akordiora iritsi ezean, Tour-aren hasiera kolokan egongo zela entzun dugu, kazetariak mehatxatu dituzte,… 

“Ertzainas en lucha” mugimendu “asindikala” eta “Euspel sindikatuak” beste urrats bat egin dute presio–metodoetan; otsailean, euren interpretazioaren araberako “huelga de celo” bat iragarri zuten. Eta, kasuliatatea edo ez, testuinguru horretan eman dira Tolosako, futbol partidetako eta Martxoak 3-ko oldarraldiak.

Brigada Mugikorraren barruan sortu ziren “Ertzainas en lucha” mugimendu “asindikala” eta “Euspel sindikatuak” beste urrats bat egin dute presio – metodoetan; otsailean, euren interpretazioaren araberako “huelga de celo” bat iragarri zuten. Eta, kasuliatatea edo ez, testuinguru horretan eman dira Tolosako, futbol partidetako eta Martxoak 3-ko oldarraldiak.

Hilabete eskasean, foam balek larri zauritutako 4 pertsonak utzi dizkigute. Tolosako inauterietan zauritutako gaztea eta Errealaren partida eguneko buruan zauritutako 3 emakume, horietako bat ospitalean larri zaurituta dagoelarik

Jaurtigai hauek erabiltzen hasi zirenetik, ez da inoiz jaurtigai horiek zauritutako hainbeste izan. Noiz eta “huelga de celo” bat iragarri ostean eman dira gertakariok. Norberak atera ditzala ondorioak.

Ertzaintza, harrokeriz, aurrez-aurre jarri zaio jendarteari. Beste inon baino, Erkoreka Sailburuak eta bere gidoiari jarraiki atera diren arduradun politikoek, hor jarri beharko lukete fokoa. Arazoa barruan dute, Ertzaintzaren baitan, eta egoera ikusita, bi aukera daude: Erkoreka eta Segurtasun Saileko arduradunak ez dira arazo honi aurre egiteko gai, edo ez dute nahi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide