Israelgo estatu genozidaren segurtasun indarrek bahitu, umiliatu, jipoitu eta torturatu ondoren, Euskal Herrira itzultzen ari ziren Global Sumud Flotillako ekintzaileak.
Genozidioaren salaketa Euskal Herriko gehiengo zabalak partekatzen du, eta Israelgo estatuak egindako ankerkerien aurrean indargabe sentitzen gara. Horregatik da garrantzitsua flotillako ekintzaileei ongietorria ematea eta eskerrak ematea beren salaketa lanagatik.
Baina bada modu berean ikusten ez duenik. Ertzaintzak ez du modu berean ikusten. Ez zitzaien modu hoberik bururatu euskal herritar hauei ongietorria egitea borrekin baino.
Badira Loiuko aireportuan gertatutakoa ulertzen ez dutenak. Baina hau ez da ezer berria herri honetan. Edonor izan daiteke Ertzaintzaren basakeriaren biktima. Langileak beren lana defendatzen, gazteak beren denbora librea kudeatu nahian, etxegabetze bat geldiarazten saiatzen diren herritarrak, giza eskubideen aldeko ekintzaileak, taldearen garaipena ospatzen ari diren futbolzaleak.
Ertzaintza sektarioa da eta ez du islatzen zerbitzatu behar duen gizartearen pluraltasuna. Eskuin muturraren eta bere adar nazionalista espainiarraren gorakada globalarekin batera doan noraeza jasaten ari da. Etengabe sortzen dituzten gatazkak, justifikatu eta saritzen dira, eta arazoa ukatzen da.
Pradalesek Ertzaintzako ofizial berriei etikaz, autodiziplinaz, autokontrolaz eta justizia zentzuaz hitz egiten die. Baina praktikan ezer ez da ematen.
Agenteak kontrolgabeko matoiak bihurtzen direnean, momentuko Segurtasun Sailburuak justifikatu eta babesten ditu. Imanol Pradalesen Gobernuak ezin du Ertzaintzarekin duen arazoa ukatzen jarraitu. Eta gu, herritar moduan, ezin dugu baimendu.