Pandemiaren hasieratik Laudioko kultur jarduera, udal alorretik at, ia desagertu egin dela salatzeko elkartu ginen maiatzaren 15ean. Aspalditik datorren kezka honi erantzun bateratu bat emateko eta udalaren utzikieria agerian uzteko, herriko kolektibo ezberdinak elkarlanean (Laudioko gaztetxea, Orbeko etxea, Kirikiño, Musika banda, Skaterrak, artistak …) ekimen desberdinak gauzatu genituen Lamuza Parkean.
Udalak kultura plan estrategiko berria diseinatzen ari den bitartean, herriko eragileen antolakuntza oztopatzen ari da, besteak beste, erreferente sozial eta kultural diren eta urte luzeetako ibilbidea duten espazioak hustuz, gaztetxea kasu. Hori gutxi balitz, udalaren partetik, kultur ekimenak egiteko traba burokratikoak, edota etengabeko arbitrariotasuna egunerokoa bihurtu dira. Bestalde, aisialdi eta sozializaziorako mugak nabarmenak dira, indar polizialen presentzia jarraituaren bitartez.
Horren aurrean, antolatzea besterik ez dugu. Maiatzaren 15ekoa datorrenaren abiapuntua izan zen, baina lan asko dago egiteko oraindik, metatutako indar guztiari jarraipena eman behar zaio egun bateko aldarrikapen bat izan ez dadin.
Bestalde beharrezkoa da ere gazteok aisialdi propioa garatzeko espazioak izatea. Kontsumoan oinarritutako aisialditik at ere kultura arloan gure ekarpena egiteko. Horregatik udalaren kontrolpetik at dauden espazio politiko eta kulturalak berreskuratzea garrantzitsua da, belaunaldiz belaunaldi artista askoren abiapuntu izan baitira, kultura arloan ekarpen handia eginez.
Horren adibidea izan da Gaztetxea azken 20 urte hauetan, baita Orbeko Etxea ere. Askatasun zibil eta politikoak kolokan daude eta horregatik ez dugu murrizketarik onartuko. Ez dezagun Laudion kultura hiltzen utzi!