Orain dela hogei urte jaio zen Amurrioko Trikitixa Eskola eta horregatik urtarrilaren 19an dohako kontzertua emango dute Amurrio Antzokian arratsaldeko 19.30ean.
Egitarau osoa erabaki gabe dago, baina gehien bat ikasle ohiak izango dira kontzertuan parte hartuko dutenak. Izan ere, gehienek musika talde desberdinetan jotzen dute, edo musikari lotuta dihardute gaur egun ere.
Eskola, 1992an jaio zen, eta orduan hamalau ikasle baino ez ziren. Ixitsu eta Iñaki Beraza ziren orduko irakasleak. Hurrengo urteetan, arrakasta handia lortu zuen eskolak, izan ere 1995. eta 2000. urteren artean ehundaka ikasle izan ziren trikitixa eta panderoa ikasten.
Hasieratik, Lucas Rey eskolan eman dira klaseak. Gaur egun ere bertan ematen dituzte, astelehenetan eta astearteetan. Azken egunetan, goizez, Kultur Etxean ere dihardute irakasten. Ixitsu Beraza eta ikasle ohia den Andoni Bañales dira oraingo irakasleak. Bi trikitixa dituzte, ikasleak praktikatzeko eta entseatzeko.