Hurrengo igandean ospatuko da Amurrion Txakolin eguna. Urtero bezala, txakolinzaleek hitzordu bat daukate Amurrion. Aurten hamalaugarren jaia izango da.
Igandean Arabako Txakolinak aurreko urteko txakolina ezagutzera emango du. Amurrioko Udala, Arabako Txakolina eta Amurrio Bidean dira antolatzaileak. Hauek egitaraua eta egun osoko ekimenak prestatu dituzte.
Jaialdia goizeko 11etan hasiko da Udaletxean aurresku batekin. 11.30tan txupinazoa izango da Udaletxean ere, eta jaialdiaren gunea irekiko da. Gunea, Juan Urrutia enparantzan, Frontoi Kalean eta Larrinaga Kalean kokatuko da, eta arratsaldeko 17:00etan itxiko da.
Aukera ezberdinak gozatzeko
Eguna amaitu arte, 2011ko Txakolina, Euskal Hanburgesa, Basatxerri produktuak, Getariako Antxoak, Lumagorri oiloak eta txistorra dastatzeko aukera egongo da. Horretarako, tiketak hartu behar izango dira jaialdiaren gunean bertan. Etxeko produktuak eta erakustazoka ere egongo dira. Lumagorrik txapelketa gastronomikoa antolatu du. Parte hartuko duten 40 pertsonek oilaskoak txakolinarekin egingo dituzte. Txapelketa bukatu ondoren egindako oilasko guztiak berbanatuko dira partehartzaileen artean eta hauek hautatutako leku batean jateko aukera izango dute.
Goiz osoan zehar kalejira egongo da, eta “Banda Santa Cecilia” eta “Banda Caja Vital Kutxa”k jarriko dute musika. Mahaiak eta leku publikoak egongo dira jendeak produktu guztiak dastatu ahal izateko. Gainera Amurrioko dendek eta tabernek parte hartuko dute; pintxo eta txakolin bat eskeiniko dute 1.50 euroren truke.