Atzo egin zuten Orozkoko uztaileko udalbatza. Hileta eta omenaldi zibilak egiteko araudia onartu zuten hiru irizpidetan oinarrituta: berehalakotasuna, malgutasuna eta elkarlana. “Nahiz eta toki edo ordutegi batzuk zehaztu, salbuespen gisa beste kokapen eta omenaldi eredu batzuk ere onartu daitezke, pertsonaren arabera”, azaldu zuten.
EH Bilduk erabakia goraipatu zuen. EAJak kritikatu zuen arauak ez duela esaten nork erabakiko duen zeintzuk diren ohiz kanpoko egoera horiek eta abstenitu zen.
Orozkoko Museoan ekitaldiak antolatzeko edo espazioak aldi baterako lagatzeko araudia onartu zuten baita, kultura ikastaroen eta tailerren eskaintza ordenantzarekin batera.
UEMA
Udalbatzak aho batez onartu zuen baita Orozko UEMAra atxikitzea, hau da, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera. Gauzak horrela, horrekin bat egiten duen Aiaraldeko lehenengo herria izango da Orozko. Horren bitartez hainbat zerbitzu eskuratuko du udalak.
Zubiar Eraikuntzak SA soziedadearen inguruko sententzien berri eman zuen gobernu taldeak. EH Bilduk zein EAJak euren iritziak plazaratu zituzten gaiaren inguruan.