Orozkoko Udalak onartu du UEMAn sartzea, Euskal Herri euskaldun baten alde lan egiten duen mankomunitatean. UEMAk zehazten duen baldintza betetzen duelako izan du sartzeko aukera herriak: herriko euskara-indizea %70ekoa edo
handiagoa izatea.
Gauzak horrela, abenduko Batzar Orokorrean gehituko dute Orozko UEMAren parte diren 81 herri multzora. Hala ere, herriko Euskara Arloa udazkenean hasiko da elkarlanean horrekin.
UEMAko kide izateagatik Orozkok hainbat zerbitzu jasoko du, besteak beste, udal barruan euskara normalizatzeko plana, merkatari eta ostalariei euskara zerbitzua ematea, etorriberrientzako harrera plana, herritarrak sentsibilizatzeko eta ahalduntzeko tailerrak edo hezkuntza proiektua eskolarekin elkarlanean. Horren truke, herriak urteko kuota ordaindu beharko du, hau da, 7.323 euro, biztanleen arabera kalkulatuta.
Nabarmentzekoa da gaur egun ordaintzen diren kontzeptu asko horretan sartuko direla eta aurrerantzean ez direla ordaindu behar. Gainera, diru-laguntzak eskatzeko aukera izango dute Eusko Jaurlaritzan zein Bizkaiko Foru Aldundian.