Orozkoko Udala adinekoen erortzeak saihesteko ikastaro bat prestatzen ari da maiatzaren 7 eta 9rako. Helburua da istripu mota hauek ekiditea, izan ere, lesio larriak eragin ditzakete. Modu
horretan herritar nagusienen ongizatea sustatu nahi da. Tailerra eskainiko da Eusko Jaurlaritzako Osasun Publiko eta Osakidetzarekin elkarlanean.
Formakuntza 64 urtetik gorako pertsonei zuzenduta egongo da eta bi fase izango ditu: teorikoa eta praktikoa. Biak burutuko dira herriko Andra Mari Eguneko Zentroan eta 16:00etatik aurrera izango dira. Lehenengo saioan hainbat kontu landuko dituzte: etxean zein kalean erorketak saihesteko moduak, laguntza teknikoak, botiken eragina, ariketa fisikoa ez egitearen ondorioak, elikadura, Orozkon ariketa egiteko ekintzak, etab. Bigarren saioa praktikoa izango da eta horren helburua izango da ariketa sinpleak lantzea etxean egin eta giharrak, artikulazioak, indarra, malgutasuna zein oreka hobetzeko.
Azpimarratzekoa da aukera eskainiko dutela ohiko zaintzaile edo laguntzaileekin bertaratzekoa, pertsona horien partehartzea errazteko. Halaber, garraio zerbitzua egongo da taxien bitartez. Zerbitzu hori eskatu ahalko da izena ematerako orduan. Apirilaren 20ra arte egongo da horretarako aukera Induma zerbitzuan (egunero 9:00etatik 15:00ak arte eta astelehen eta asteazkenetan ere 18:30etatik 20:30era 94 633 99 45 telefonoan edota infoinduma@yahoo.es e-posta helbidean) edo Orozkoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan ere.
Ohiko istripuak
Osakidetzak eskaini dituen datuen arabera, 64 urtetik gorako pertsonen erdia, emakumeak batez ere, urtean gutxienez behin erortzen da bere etxean edo bertatik gertu. Horrez gain, azpimarratzekoa da pertsona nagusiek sufritzen dituzten istripuen %92a erorialdiak direla. Horien ondorioz, urtero, 4.500 ospitaleratze eta 150 heriotza izaten dira Euskadin.