2018ko sanantolinek dagoeneko kartel iragarlea dute eta jaiak ia prest daude hegaldiari ekiteko hurrengo abuztuaren 31an. Izan ere, 'Jaietako hegaldia' du izena obra irabazlea, Nora Latatu Landaluzerena. Lehiaketako 1.sailkatua denez 200€ jasoko ditu.
Azpimarratzekoa da "Berakatzen erromeria" kartelak 2. saria jasoko duela, hau da, bere egileak, Enara Bravo Ruizek, 100€ jasoko ditu.
Erabakia hartzeko epaimahai teknikoaren iritzia, %70ean, eta herritarren botoak, %30ean, hartu dira kontuan. Aurten 60 boto jaso dira nagusien kategorian eta 62 haurren atalean. Guztira 13 lan aurkeztu dituzte haurren kategorian eta 9 nagusien atalean. Egile guztiak orozkoarrak dira.
Umeei zuzendutako lehiaketan Izaro Agirre Sasiainen 'Orozkoko jatorriak' izan da 1. saria lortu duena. Pintura materiala jasoko du. Saririk jasoko ez duten arren, Antolinzaleak Jai Batzordeak nabarmendu nahi izan du 2. postuan sailkatu diren Maider Landaluze Dominguezen “Denak Batera” obra eta Iraia Olivan Barrondoren “Orozkoko jairik dibertigarrienak”. Puntuaketan berdinketa lortu dute.
Saridunak jaietako egitaraua jasoko duen aldizkariaren portadan eta kontraportadan argitaratuko dira. Hala ere, 2. sailkatuak ere espazioa izango du argitalpen horretan.