Orozkoko eskola publikoko 5.mailako ikasleek eta nagusien egoitzako hainbat pertsonak 'Elkarrekin ikasten' ekimenean parte hartu zuten ekainean. Hala, haurrek egoitzako nagusien bisita jaso zuten ikastetxean eta bertako ikasgelak, gimnasioa, jantokia, ortua, etab. erakutsi zizkieten. Bitartean, pasadizoak partekatu zituzten eta hausnartu zuten hezkuntzak izan duen bilakaeraren inguruan.
Bigarren fasean, ikasleek adinduen zentroa bisitatu zuten. Bertan txirula emanaldia eskaini zuten eta haiek egindako erroskillak dastatzeko parada izan zuten. Egoiliarrek eskuz egindako irudi bat oparitu zieten haurrei, eskolako gelan jartzeko oroigarri moduan.
Belaunaldien arteko ekimena ikastetxearen, egoitzaren eta udalaren arteko elkarlanetik jaio da eta oso positiboki baloratu dute parte-hartzaileek. Besteak beste, ekimen baliagarria izan da adingabeen garapen pertsonalean lagundu duelako ezagutza berriak eskuratuz eta nagusien baliagarritasun sentimendua indartu duelako.