Aurtengo liburutegiaren sustapenerako jardunaldiak, Orozkoko Udalak antolatuta, belaunaldien arteko harremanak izango ditu hizpide eta ardatz. Ekintza horien helburua izango da pertsona nagusiekin haurrek dituzten harremanak sustatzearen interesa eta garrantzia azpimarratzea. Izan ere, oso interesgarria da ikasketak zein autonomia sustatzeko.
Ekimen horren barruan hiru ekintza izango dira azaroaren 12tik 17ra. Aste osoan pertsona nagusiekin zerikusia duten literatura obren eta liburuen erakusketa egongo da liburutegian. Horrez gain, ipuin kontaketa musikatua egongo da Ameliren eskutik azaroaren 16an 17:00etatik aurrera. Jardunaldiekin bukatzeko, azaroaren 17an belaunaldien arteko jolas saioa egingo dute 11:00etatik 14:00ak arte. Zubiaur plazan egurrezko 20 jolas inguru instalatuko dituzte horretarako. Saio hori frontoian egingo da euria eginez gero.
Orozkoko Udaleko Kultura Arloak kanpaina berezia diseinatu du jardunaldiak sustatzeko. Herriko jende nagusiari haien ilobekin batera egindako argazkiak eskatu zaizkie. Jasotako irudiak ekitaldia promozionatzeko diseinatu den kartelean erabili da, baita komunikazio digitaletan ere. Orozkoko pertsona nagusiak ekintza honetan parte hartzera animatzeko, Udalak gutun bat bidali die kolektibo horretako pertsonei jardunaldiei buruzko informazioarekin.