Orozkoko Udalak salatu du BI-3513 errepidea, Bizkaiko Foru Aldundiarena dena, oso egoera kaskarrean dagoela eta laster Euskal Herriko itzulia bertatik igaro behar dela. Txirrindularitza proba apirilaren 11an pasako da herritik, Gasteiz eta Arrigorriaga lotuko dituen 4. etaparen barruan.
Orozkoko udalak azpimarratu nahi izan du zati hori oso arriskutsua izan daitekeela kirolarientzat, kontuan hartuta gaur egun duen egoera. Bide-zorua arrakalatuta dago eta zulo ugari daude.
Artea eta Orozko elkartzen dituen errepide horretan dauden hondoratzeak saihestea zaila izan daiteke txirrindularientzat, kontuan hartuta aldeko aldapa, esprint berezia aurrean izango dutela eta helmugatik gertu egongo direla.
Josu San Pedrok, Orozkoko Alkateak, kezka adierazi du: “Itzulia Orozkotik pasatzea oso positiboa da, baina ez dugu nahi herriak titularrak betetzea ezbehar bat egon delako, txirrindulariek istripua izan dutelako. Errepide hori egoera tamalgarrian dago eta egunero bertatik igarotzen diren autoei ere eragiten die”.
Orain dela 20 urte asfaltatu zuten azkenengoz aldundiaren bide hori. Orain dela 4 urte zulodun guneak markatu zituzten, baina Aldundiak oraindik ez ditu konpondu.
Nabarmentzekoa da, gainera, bere egoera oso larria bada ere, errepidea ez zutela jaso 2017an Bizkaiko Foru Aldundiak onartu zuen Bidesarea Planean, errepideak konpontzera bideratuta zegoena.