Berakatz Egunarekin bukatu ziren Orozkoko sanantolinak beste behin. Abuztuaren 30ean hasi ziren jaiak eta sei egunez luzatu dira aurten.
Antolinzaleak Jai Batzordearen balorazio ofiziala falta bada ere, Orozkoko alkatea den Pedro Mari Intxaurragak lehenbiziko balorazio “oso positiboa” egin du.
Intxaurragak azpimarratu nahi izan du antolatutako ekintzetan partaidetza handia egon dela: “Nabaritu da orozkoarrek gogotsu parte hartu dutela jaietan. Izan ere, azken finean, hori da ospakizunen helburua, errutinatik aldentzea eta disfrutatzean inguruan ditugunekin”.
Sanantolinetako jai egun guztietan eguraldia atsegina izan da, igande arratsaldean izan ezik. Horri esker, ekintza guztiak aurreikusita zeuden moduan eta behar bezala garatu dira.
Ohikoa den bezala, jende gehiena asteburuan eta San Antolin Egunean bertaratu zen jaietaz gozatzera. Musika emanaldiak ere oso jendetsuak izan dira, eta Umeen Egunean izan zen girorik onena, txikienek ez zuten atsedenaldirik izan goizetik gauera bitartean.
Azpimarratzekoa da ere egokitutako pala partidak izan zuten harrera ona, nahiz eta egitarauan jasotakoaren artean berrikuntza izan. Jokalariek ere positiboki baloratu dute Orozkoko publikoaren erantzuna.
Arrakastari dagokionez ere, nabarmentzekoa da aurtengoa izan dela bigarren urtea zeinetan Berakatz Eguneko herri bazkariko tiketak bukatu diren.
Nahiz eta azken momentuan 40 plaza gehiago eskaini, ilaran zain egon zen jende askok ez zuen ekintza horretan parte hartzeko aukerarik izan.
Orozkoko Udalak eta Antolinzaleak Jai Batzordeak barkamenak eskatu eta datorren urterako tiketak saltzeko sistema berria ezartzeko konpromisoa hartu dute, bermatzeko parte hartu nahi duten pertsona guztiek horretarako aukera izatea. Izan ere, herri bazkari hori jaietako ekintzarik tradizionalena eta arrakastatsuena izaten da.
Salaketarik ez
“Bereziki garrantzitsua” da, Intxaurragak esanetan, ez dela eraso sexistarik salatu, eta Gurutze Gorriaren arreta postuan ez dela kasu larririk artatu. Giroa uneoro oso “osasuntsua eta atsegina” izan da, gainera.