Orozkoko Udalak automatikoki kudeatuko ditu aurten igerilekuen okupazio-mailak, kiroldegiaren sarreran dagoen pertsonak zenbatzeko sistema baten bidez eta ikuspen artifizialeko teknologian oinarrituta. Udal igerilekuek ekainaren 22an, astelehenean, irekiko dituzte ateak.
Osasun-krisiaren ondorioz ezarritako higiene eta distantzia sozialeko neurriak betetzen direla bermatzea da helburua, orozkoarren osasuna eta osotasuna babestu ahal izateko tokiko aisialdiaz gozatzen duten bitartean.
Teknologia horrek bildutako datuak BiscayTIKek ere garatutako 'Orozko Zainduz' aplikazio osagarrian irauliko dira, eta gailu mugikorretan zein ordenagailuetan izango dira ikusgai.
Horrela, herritarrek erraz kontsultatu ahal izango dute igerilekuetako plaza libreak. Hau da, aldez aurretik jakingo dute instalazioetara sar daitezkeen ala ez. Informazioa denbora errealean eskuratzea arinduko du app-ak.
Zehazki, edukieraren ehunekoak emango ditu app-ak, Orozkoko udal igerilekuen neurrien arabera.
Arauak eta gomendioak
Orozkoko Udalak hainbat gomendio eta arau zehaztu ditu segurtasuna bermatzeko
helburuarekin. Besteak beste, gehienezko aforoa 315 pertsonakoa da eta aldageletan gehienez 10 pertsona egon daitezke batera. Barruko dutxak ezin izango dira erabili.
Bestetik, 12 urte baino gutxiagoko umeek pertsona helduekin batera joan behar dute eta herritarrek ezin izango dute aulki tolesgarriak instalazioan bertan utzi, ezta uretara segurtasunerako edo bainurako ez diren elementuak sartu ere.
Gomendioei dagokienez, instalaziora ahalik eta tramankulu gutxien ekartzea, beste pertsonekiko segurtasun tartea mantentzea, higienea zaintzea eta eskuak maiz garbitzea eskatzen da. Gehienez 3 orduko egonaldia gomendatzen da, orozkoar guztiek igerilekuez goza dezaten.