Edizio honetan, egoera ekonomiko larrian dauden familia eta pertsonentzako elikagaiak ez dira edukiontzietan utziko, baizik eta elikagaiak erosteko diru-bilketa egingo da. Bilduko den diru-funtsa helburu solidario horretarako baino ez dute bideratuko Elikagaien Bankuek.
Dohaintzaren datak eta motak
Kate handien dendetan eta supermerkatuetan, 2020ko azaroaren 16tik 22ra egingo da. Hilaren 20an eta 21ean, osasun-egoerak ahalbidetzen badu, kutxan donazioa egiteko aukera gogoraraziko diete boluntarioek dendetan erosiko duten jendeari, elikagai-bonuaren bidez.
Online dohaintza, aldiz, Bizkaiko Elikagaien Bankuaren webgunean (www.bancali-biz.org/es/) 2020ko azaroaren 16tik abenduaren 13ra bitartean gauzatuko da. Dohaintzak hainbat bideren bitartez egin ahal izango dira: banku-kontua, txartela, Bizum edo Paypal.
Boluntariotzan parte hartu nahi izanez gero eta COVID-19aren aurrean "arrisku-profil baxukoa" izatekotan (18 eta 65 urte bitarteko pertsonak eta aurretiko patologiarik ez dutenak), colectas@bancali-biz.org helbidera idazteko edo 94 605 37 79 zein 94 449 92 58 telefono zenbakietara, lanegunetan 9:30etik 12:30era, deitzeko aukera dago. Emailean, norberaren izena, harremanetarako telefonoa eta bizileku-udalerria adierazi behar dira.