Parte-hartzaileen harrera eta balorazio ona ikusita, Nagusilagun programari jarraipena emango dio udalak 2021ean. Gaur egun, 13 pertsonak parte hartzen dute, bi taldetan banatuta. Gainera, taxi zerbitzua ere eskaintzen da, eta 3 edadetuk erabiltzen dute. Zerbitzu honek saioetara beren kabuz joan ezin diren eta garraiobide bat behar duten pertsonen parte-hartzea bermatzen du.
Alarma-egoeragatik eta konfinamendu garaia dela eta bertan behera utzi ondoren, Orozkoko Udalak programa honi berrekitea erabaki zuen erabiltzaileen eskariari erantzuteko.
Dena dela, nabarmendu beharra dago osasun-segurtasuneko neurriak uneoro errespetatzen direla.
Metodologia
Programa horren barruan, udaleko psikologoak ordu eta erdiko saioak dinamizatzen ditu, alderdi sozialak, kognitiboak, emozionalak, motrizitatekoak eta erlaxaziokoak lantzeko. Azken helburua da adinari lotutako inpaktu negatiboa murriztea eta, horrela, bizi-kalitatea optimizatzea.