Hutsik dauden etxebizitzen alokairua bultzatzen du Orozkok gaiari buruzko udal-ordenantzaren bidez zein 'Bizigune' eta 'ASAP' (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) programen bitartez. Azken horiek 'Alokabide' Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak eskaintzen ditu.
Programa hauen bitartez, jabeek sei urterako lagatzen diote Alokabideri euren etxearen gozamen-eskubidea, Orozkoko errentamenduen merkatuko prezioaren %65aren truke, hilean 600 euroko mugarekin.
Bizigune programari etxea uzten dioten pertsonek zenbait abantaila izango dituzte, hala nola, gehienez 18.000 euroko aurrerakina %0ko interesarekin eskatzeko aukera, etxebizitza egokitzeko edota erreformak egiteko. Ordaindu beharreko errentatik deskontatzen da aurrerakin hori. Jaso ahal izateko, jabeak eginiko obren fakturak aurkeztu eta gozamen-kontratua sinatu beharko du.
Udal laguntzak
Euren etxea programa hauen esku jartzen duten herritarrek, gainera, 1.000 eurorainoko diru-laguntza ekonomikoa jaso ahal izango dute Orozkoko Udalaren eskutik obrak egiteko, eta gehienez 100 euro eraginkortasun energetikoaren ziurtagirirako. Era berean, Bizigunek jabeari ordaintzen dion errenta 50 eurorekin osatuko du udalak hilero.