919.226 kilo zabor batu ziren 2020an Orozkon, aurreko urtean baino 57.424 kilo gehiago. 2018tik 2019ra, 167.375 kiloko beherakada nabarmena jazo zen; iaz, ordea, zenbatekoak gora egin zuen.
Datu hauek Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko Jasangarritasun bulegoak jasotzen ditu urtez urte, hondakin bilketa zein birziklapen egoera analizatzeko eta elikagaiak alferrik galtzearen inguruan kontzientziatzeko.
Hondakin motari dagokionez, orozkoarrek honako hondakin kopuruak bota zituzten iaz: 676.480 kg errefus, 125.015 kg paper edo kartoi, 11.301 kg hondakin organiko, 94.184 kg plastikozko ontzi, 1.454 kg etxeko olio eta 10.791 kg bazar.
Gehien handitu den frakzioa errefusa da; 659.487 kilotik 676.480 kilora igo da zifra, hau da, 16.993 kilo errefusa gehiago batu ziren iaz.
Jaitsierarik handiena izan duena, ordea, hondakin organikoko frakzioa izan da. 2019an, 13.418 kg organiko bildu ziren; 2020an, aldiz, 11.301 kg. Azpimarratu beharra dago hondakin organikoak edukiontzi marroira bota beharra dagoela. Hori erabili nahi izanez gero, udalarekin harremanetan jarri behar dira herritarrak.
Era berean, hondakin mota bakoitza dagokion edukiontziaren barruan, eta ez zoruan, botatzea funtsezkoa da.