Udaberriko Auzoko Batzarren erronda apirilean gauzatu da. Bertan, udalak zonalde bakoitzean eginiko ekintzen zein Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jardueren berri eman da.
Era berean, honako gai hauen berri izan dute herritarrek: hondakin-bilketa gunetik 600 m baino gehiagora dauden etxebizitzen zabor-tarifa berria —aurreko auzoko batzarretan proposatu zena—, saneamendu-obren hasiera, udal-inbentarioan burutuko diren 120 bide publikoren katalogazioa eta 2023rako aurreikusia dagoen Interneteko banda zabalaren ezarpena.
Bilboko Ur Partzuergoan Orozko sartzearen inguruko eztabaida izan da gai nagusia, baita horretarako egin behar den 11 milioi euroko inbertsioa ere. Behin hondakin-uren araztegia (HUA) martxan instalatuta, urtean 500.000 euro inguru ordaindu beharko ditu Orozkok bere urak arazteagatik, eta horrek tasa handitzea eragingo du.
Era berean, hondakinak biltzeko sisteman egingo den aldaketa iragarri zen: lurpeko edukiontziak lur gainean egongo dira. Alboko bilketa-sistema izango da eta langile bakarra egongo da kamioian. Nerbioi-Ibaizabal mankomunitateko gainerako udalerrietako bilketa-sistema homologatura egokituko da.
Bestalde, Orozkon egindako azken lanak iragarri dira: Zaloako errepideko areka konpontzea, hainbat bide publiko asfaltatzea eta Larrondoko bidea konpontzea. Beste behin ere, ekintza horiek hainbat auzo-batzarretan jasotako eskaerei erantzun diete.