Orozkoko Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aurrerakinak izan dezakeen hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa gauzatu da, hau da, irismen-dokumentu honek egoera soziolinguistikoan izan dezakeen eragina aztertu da. Horretarako, jarraipen batzordea osatu da eta Anartz Ormaza arkitekto eta Eragin Linguistikoaren Ebaluzioan adituak gidatu du.
HAPOan aurreikusten diren etxebizitza kopuruaren arabera, 1.531 biztanle berri izango ditu Orozkok, biztanleriaren %64ko igoera suposatuko lukeena. Hori aintzat hartuta, euskararen proiekzio eta bilakaera indizeak kalkulatu dira, besteak beste.
2016ko datuen arabera, orozkoarren %61,55 da euskalduna eta azken urteetan proportzioak %2,2 behera egin du.
Azterketa honen arabera, etxebizitzen eta populazioaren goranzko joera dela eta, Orozkoko euskaldunen portzentaia %61,55 izatetik %50,68 izatera igaroko litzateke. Eragin handia izango du euskararen gaitasunaren edo ezagutzaren gainean; erabileraren gaineko intentsitatean, ordea, ertaina izango da. Azkenik, ez da aldaketa nabarmenik aurreikusi herriko euskarazko zerbitzuen eskaintzan.