Hilaren 21etik 30era bitartean Auzoetako Batzarren udazkeneko erronda egin da. Bizilagunen kezkarik handienak saneamendu-lanen atzerapenak eragindako eragozpenak izan dira eta, bereziki Muruetan, banda zabalaren hedapena ere bai. Izan ere, herritar batzuek isolatuta sentitzen dute beren auzoa, Interneterako konexio egokirik ez dutelako.
Era berean, egiten ari den bideen inbentarioaren berri eman da, auzoetan bereziki garrantzitsua den gaia, baita Larragorrin parke eoliko bat eraikitzeko proposamena ere. Bereziki delikatua izan den beste gaiak otsoaren erasoak eta ehiza-espezie izatetik babestutako espezie izatera igarotzeko arau-aldaketa izan dira; horren inguruan, abeltzainen kolektiboa kezkatuta agertu da.
HAPOren berri ere eman da, laster onartuko baita dokumentuaren aurrerapena. Une horretan, Orozkoko pertsona orok kontsultatu ahal izango du espedientea, eta gutxienez bi hilabete izango ditu ekarpenak aurkezteko. Udal hirigintza-plangintza eguneratzeko beste urrats bat da.
Azkenik, Auzozainak programa iragarri da. Programa horren bidez, herritarren laguntza eskatzen da, bakarrik bizi diren adinekoei arreta emateko. Adineko pertsonaren bat hainbat egunetan ikusi ezean, udalari abisua ematea eskatzen da.