Hainbat jardueretan parte hartu ahalko dute orozkoarrek Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna, aldarrikatzeko. Hilaren 13an, adibidez, Eskualdeko Berdintasun Topaketa gauzatuko da Amurrioko Reforrean, 10:00etan. Bertan, erreparazioa landuko dute.
Orozkoko egitarauari dagokionez, azaroaren 14an, Emakume Master Cup txapelketaren kanporaketak jokatuko dira goizez herriko frontoian. Finala hurrengo jokalariek jokatuko dute: Udane Iturbek eta Miriam Arrillagak osatutako bikoetak Naroa Saezen eta Maider Mendizabalen aurka. 3. eta 4. postuei dagokienez, Aroa Torresen eta Leire Etxanizen kontra lehiatuko dira Uxue Agirresarobe eta Irati Saez.
Haur eta gazteentzako ekintzak ere antolatuko dira. Azaroaren 16an, “Ama, kontaidazu berriro” ipuin-kontaketa eskainiko da, 17:30ean, liburutegian. Gainera, 2021eko Beldur Barik Aiaraldea lehiaketaren sari banaketa azaroaren 19an izango da, 17:00etan Arespalditzan.
Bestalde, hilaren 17tik 25era, Indarkeria Matxistaren aurkako pankarta eskegiko da udaletxean. Horrez gain, eskuzapien banaketa egingo da eta “Puntu Lila” jartzeko proposamena luzatuko du Udalaren Berdintasun Arloak.
Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea egingo da beste behin ere, 19:00etatik aurrera Zubiaur Plazan.
Amaitzeko, autodefentsa feminista tailerra eskainiko du hilaren 27an Maitena Monroyk. Kultur Etxean izango da, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Egun horretan, antzezlana ere eskainiko da, 19:00etan, Donibane Aretoan: “Amama mia”.