Zainketen sistema eta ereduari buruzko diagnostikoa garatuko du Udalaren Berdintasun arloak irailera arte ikuspegi intersekzionaletik. Helburu orokorra sistema horren herritarren buruko osasunean eta egoera sozioekonomikoan duen eragina aztertzea da, batez ere, emakumezkoen kasuan.
Horretarako, COVID-19aren aurreko eta osteko zaintza-sareak aztertuko dituzte. Horrez gain, beste hainbat xede izango ditu planak, esaterako, zainketen antolaketa sozialaren azterketa egitea teoria ekofeministetatik abiatuta eta Orozkon zaintza-eredua birmoldatzeko edo eraikitzeko hobekuntza proposamenak jasotzea.
Informazioa biltzeko, hainbat teknika erabiliko dituzte: elkarrizketak, eztabaida-taldea, foku-taldea eta, azkenik, zaintzaileei bideratutako gorputz-adierazpen tailerra. Tailer hori martxoaren 30ean eta apirilaren 6an izango da eta, gehienez, 15 herritarrek izena eman ahalko dute.
Inskripzioa betetzen duten zaintzaile guztiek bi saiotan hartuko dute parte; bakoitza bi ordukoa. Parte-hartzaileen bizipen fisikoetan eta emozioetan ardaztuko dira saioak, zaintza-lanen eta bizitza pertsonalaren arteko loturetan sakonduz. Horretarako, mugimendu-, introspekzio- zein adierazpen-dinamikak erabiliko dituzte. Aipatzekoa da begirada osasun emozionalean jarriko dutela beti.