6.756 turista izan dira 2021. urtean Orozkoko Museora gerturatu direnak, mugikortasun murrizketak gorabehera. Nabarmentzekoak dira Aste Santuko datuak, inoizko altuenak: 647 bisitari hurbildu ziren 5 jaiegunetan, egunero 100 pertsonaren langa gaindituz.
Jatorriari dagokionez, euskaldunak dira gehien etorri direnak eta horietatik bizkaitarrak dira gehienak, alde nahikoarekin gainera; jarraian, arabarrak eta gipuzkoarrak daude. Madrildarrak eta kataluniarrak estatuko turisten artean gehien bisitatzen gaituztenak dira. Hauez gain, beste 14 probintzietatik ere jaso dira bisitak. Nahiz eta asko ez izan, 17 herrialde ezberdinetatik bisitatu dute Museoa 2021ean, batez ere Frantziatik.
Museoak antolatzen dituen ekintzei dagokienez, Europako Ondarearen Jardunaldiak eta 'Orozko, inguruan duzun museoa' %100ean bete ziren. Tamalez, esan behar da pertsona asko itxaron zerrendetan gelditu zirela.
Bisita gidatuei dagokienez, 20 talde baino gehiago izan dituzte, kontuan izanik ez dutela eskolako bisita askorik izan, pandemia egoera dela eta. Hala ere, Orozkoko eskolako ikasleez gain, gertuko ikastetxeetakoek ere bisita gutxi batzuk izan dituzte.
Bestalde, erakusketa gehien egin den urtea izan da. Antolatutako 12 erakusketatik, hiruk hitzaldia ere izan dute eta edukiera bete zen.
Azkenik, Museoak Orozkoko auzokideen harrera eskertu nahi du, urtetik urtera areagotzen doalako.