Pirulo erreketa, su festa eta bertoko produktuen azoka izango dira aurtengo sanjuanen eta udaren hasierako protagonistak. Egitaraua ekainaren 23an hasiko da, ostegunean, bertso poteoarekin. Eneko tabernatik abiatuko da, 19:00etan. Horren ostean, 22:30ean, ikuskizun piromusikalaz eta pirulo erreketaz gozatzeko aukera izango dute orozkoarrek.
Hilaren 24an, ostiralean, 'Etzanderak' ikuskizuna hartuko du Zubiaur Plazako frontoiak, 21:30ean. Jarraian, 23:00etik aurrera, Luhartz erromeriak gaua girotuko du plazan.
Bestalde, 'Herri bat ekimen bat' egitasmoaren barruan, Gorbeialde Landa Garapenerako Elkarteak tokiko produktuen merkatua eskainiko du ekainaren 25ean, larunbatean, Udalaren babesarekin. Zubiaur plazako frontoian izango da, 10:00etatik 14:00etara. Azokaren amaieran tokiko produktu-loteak zozkatuko dituzte erosketak egiten dituzten pertsonen artean. Gainera, merkatuan gastatutako 30 euro bakoitzeko, bertoko produktuez osatutako oparia jasoko dute herritarrek, izakinak agortu arte. Ardo zein gazta dastaketak ere egingo dituzte, eta Kalaka Jokuak egurrezko jokoak ere egongo dira gaztetxoen eskura. Horrez gain, Agate Deuna Abesbatzak kontzertua eskainiko du, 20:00etan, elizan.