2022ko sanantolinen lehen balantze positiboa egin du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Orozkoko Udala 2022ko ira. 9a, 13:39

2022ko sanantolinei agur esan die Orozkok, muga oso goian jarrita. Beste behin ere, Berakatz Egunak amaiera bikaina eman die abuztuaren 31n abiatu ziren herriko jaiei.

Antolinzaleak Jai Batzordeak egingo duen balorazio ofizialaren zain, Pedro Mari Intxaurraga alkateak Orozkoko jaien inguruko lehen balantzea egin du. Parte-hartze handia eta giro ona izan dira bost jaiegunen ezaugarri nagusiak.

Intxaurragak positibotzat jo ditu jaiak, egon den giro onagatik zein gauzatutako ekitaldietan izandako jende andanagatik. "Hiru bazkari herrikoi antolatu ditugu, haurrena, erretiratuena eta Berakatz Egunekoa, eta jende asko etorri da; Berakatz Egunean, 500 pertsona", azpimarratu du alkateak. Hain zuzen ere, aurtengoa hirugarren aldia izan da zeinetan Berakatz Eguneko herri bazkariko txartelak agortu diren.

Parte-hartze altua

Egunik jendetsuenak San Antolin Eguna eta asteburukoak izan ziren. Arrakasta handiko ekitaldien artean, zekorketak, kontzertuak, lehiaketak eta erromeriak izan dira pertsona gehien erakarri duten ekintzak, alkateak azalduta. Izan ere, aurten mota askotako lehiaketetan parte hartzeko aukera izan dute herritarrek, besteak beste, garrafa lehiaketan, aire libreko pintura lehiaketan eta mozorro lehiaketan. Musika emanaldiei dagokienez, Trikidantz eta Akerbeltz erromeriak, Boikot, Suaia & Dub Akustik, Stepi Selektah, The Van, Hilean Bariku Bat eta Akatz taldeak zein Dj Markelin, Dj Kubabilly, Dj Uxun & Tatun, Dj The Andras eta Dj Oihan Vega airtu dira jaiak erritmoaz girotzen.

Erasorik gabeko jaiak

Intxaurragak azpimarratu du aurtengo jaietan ez dela eraso matxisten edo bestelakoen salaketarik jakinarazi: “Ez dugu eduki eraso bat ere eta pozteko da. Giroa osasuntsua izan da”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide