Laster ekingo dio Antolinzaleak Jai Batzordeak 2023 Sanantolinak antolatzeari. Abenduaren 26ko deitutako urte amaierako azken bileran, 2022ko herriko jaien balantzea aurkeztu zuten. Guztira, 142.600,15 euro gastatu ditu Orozkoko Udalak pandemiaren osteko lehenengo jaietan. Gauetako musika emanaldietan, esaterako, 37.648 euro bideratu zituen abuztuaren 31tik irailaren 4ra bitartean. 2022ko sanantolinetan, Akerbeltz erromeria, The Cherry Boppers, Akatz, Oihan Vega, Boikot, Dj Markelin eta Trikidantz erromeria igo ziren eszenatokira, besteak beste. Bestetik, buruhandietan, trikitixa- eta bertso-kalejiretan, dantzarietan zein txistularietan, fanfarrian eta txarangan 6.897,79 euro gastatu zituzten. Jaietako jatorduei dagokienez, hiru bazkariek -erretiratuenak, umeenak eta herri bazkariak- 15.504,09 euroko gastua ekarri zuten, eta 6.942 euroko irabazia. Zekorketak antolatzeko eta gauzatzeko, guztira, 33.275,00 euro bideratu zituen Udalak; besteak beste, toreroak, albaitariak eta medikuak kontratatzeko, aseguruak ordaintzeko eta zezen plaza baliatzeko. Bukatzeko, 5.382,05 euro izan ziren orotara bestelako gastuak, hala nola inprenta gastuak, publizitatea eta ogasun zergak.