OrozkoRocken 2024ko. edizioa maiatzean itzuliko da, bi jardunalditan banatuta eta bi eszenatokirekin, bata jada ezaguna den Hegoaldeko zabalgunean eta bestea Zubiaur plazan.
Aurten, antolatzaileek beteranotasuna eta gaztetasuna, sortzen ari diren taldeak eta eskarmentu handiagoko taldeak uztartu nahi izan dituzte. Sex Museum mitikoak igoko dira agertokira ia berrogei urteko ibilbidea errepasatzera, The Capaces Bartzelonatik etorriko da bere 25. urteurrena ospatzeko bira berezian.
Bermeotik Etxekalte bandak jarriko ditu hardcore melodiko osteko soinuak, eta Gernikatik, Felinek bere ukitu psikodeliko eta originala emango dio jaialdiari.
Eszenatokia jateko gogoz igoko dira oholtzara Both lokalak eta Lur laudioarrak. Ez dira faltako Bizkaiko rock underground eszenako bi talde gozagarri, Ezezez eta Toc, Micky Paiano italiarraren ahotsa eta bere Micky & The Buzz, eta Zarauztik Grungeko Ginger taldea. Zubiaur plazan izango dira The Half Nelsons bizkaitarra, Amerikako country doinuak, Arrigorriagako bluseroak, Boogie Riders eta Oñatitik Letagin, Eskandinaviako soinuei erreferentzia eginez.
Kontzertuetaz gozatzeko aukera edukitzeaz gain, maiatzaren 14tik 19ra Orozko Rocken inguruko erakusketaz gozatzeko aukera egongo da bertan. Ekintza hori ez da izango jaialdiarekin lotutako bakarra. Maiatzaren 18an hitzaldia eta mahaingurua egingo da. Era berean, Orozkoko Museo Etnografikoan egingo dira 12:30ean.