Espainiar estatuan hauteskunde garaia da eta kanpaina betean gaude murgilduta. Alderdi guztiek beren buruzagien inguruan lerroak ixten dituzte euren mitinetan eta kaleak kartelez betetzen ari dira batzuei eta besteei botoa eskatuz.
Lau urtetan behin bizi dugun testuinguru berezi honetan botoa erabakitzeko hain garrantzitsua den “polarizazioa”-ri egingo diogu begirada berezi bat artikulu honetan.
Izan ere, polarizazio politikoak gorakada nabarmena izan du azken urteotan gizartean. Definizioz, iritzi publikoa bi mutur erabat kontrajarritan banatzen duen fenomeno politikoaz ari gara.
Gaztea nintzenean (Jesus…soilik 38 urte dauzkat, ze demontre ari naiz esaten?) gogoratzen dut nola iristen ziren alderdien arteko estatu-akordioak. Alderdi haiek ez zeukaten zer ikusirik bata zein bestearekin. Baina kontua zen akordioak iristen zirela. Arrazoiak? Seguraski anitzak, batzuk ongizate-estatuaren, herritarren edota arrazoi elektoralisten ondorio izango ziren, baina importanteena zen komunikazioaren bidez akordioak iristen zirela.
"Urteak daramatzagu tentsioa, formak txarrak eta irainak klase politikoaren egunerokotasuna direla"
Zoritxarrez, urteak daramatzagu ikusten nola tentsioa, forma txarrak, irainak eta kalumniak klase politikoaren egunerokotasuna direla, batez ere, estatu espainiarreko Kongresuan. Politika hutsa izan behar zena, gorrotoa eta intransigentzia bihurtuz eta noski, aurkari politikoaren kontra. Ondorioak? Polarizazioa automatikoki areagotu eta ondorioz komunikazioa eta akordioak lortzeko zubiak ezin eraikiz.
Nire galdera bistakoa da: Zergatik gertatzen da hau?
Zein da tentsio honen detonatzailea? Goraldi honen zergatiak?
Gogoratu gure sistemak funtzionatzen duela aukeratzen ditugun ordezkari politikoek gobernagarritasun nahikoa badute herritar guztiei mesede egingo dieten erabakiak hartzeko.
Baina urte batzuk daramatzagu ikusten oposizioan dauden alderdiek kontrakoa besterik ez dutela bilatzen: Gobernutik ateratzen den edozein neurri oztopatzea, proposatzen duten guztiari aurka egiteko. Batzuetan koherentziarik txikienarekin baina estrategia berbera jarraitzen.
Baina beno, jakina da politikan memoria arrainena bezalakoa dela, motza, eta jendeak azkar ahazten duela…ia-ia guztia.
Nik badut, noski, egoera horren guztiaren errudun argi bat. Faxismoaren gorakada da.
"Nire ustez, polarizazioaren arrazoia da faxismoaren gorakada"
Ezkerrak eta eskuineko zenbait alderdik hala nola EAJk, VOXekin hitzartzera eramango dituen edozein akordioren aurrean, gazteleraz “cordon sanitario” deritzon logiko bat egiten diote. Ez dute faxistekin negoziatzen eta argi daukate. Giza balioak eta oinarrizko printzipioak politikan ez dira negoziazio bide bat alderdi horientzat.
Bestalde, eskuineko alderdi batzuek ez zaie alkandora zimurtzen alderdi faxistek bozkatzen duten berbera bozkatzen baldin badute. Gainera, ez zaie aurpegia gorritzen haiekin akordioak lortzen badute. Eta azkoz larriagoa dena, ultraeskuineko kideekin gobernua osatzeko akordioak adostu. Horrelako alderdientzat faxismoa normalizatzea botererako beste bide bat da eta balio die.
Kontua da Espainiako estatuko panorama politikoan ultraeskuina agertzeak ia automatikoki handitu dituela ezkerreko eta eskuineko alderdien arteko distantziak, baina hori gutxi balitz, haien formak daude. Irainak legebiltzarrean eta parlamentutik kanpo, mitinetan. Gezurrak eta buloak aurkari politikoarekiko gorrotoa sortzeko, sistemarekin edo egungo gobernuarekin pozik ez dauden boto-emaileak erakartzeko modu gisa. Parlamentuan interbenzio politikoetan mozketak, txistuak…denetarik ikusi dugu azken urteotan, eta zoritxarrez, duintasun mailak behera egin du haserreak, gorrotoak eta intransigentziak gora egiten zuten proportzio berean.
Zorionez, kasu hau gehiengoa da espainiar estatuan, baina Euskal Herrian gauzak ez dira modu berean egiten.
Legebiltzarrean boto gehien lortu dituzten bi alderdiek komunikazio ona dute euren artean, eta akordioak lortzeko borondate politikoa mahai gainean dago. Eta hobe dute horrela izaten jarraitzea, batez ere, haien artean dagoen bozka diferentzia zein den jakinda. Edozein akatz edo hanka-sartze garesti atera daiteke hurrengo hauteskundean.
"Legebiltzarrean boto gehien lortu dituzten bi alderdiek komunikazio ona dute euren artean, eta akordioak lortzeko borondate politikoa mahai gainean dago. Eta hobe dute horrela izaten jarraitzea"
Baina gainera, Euskal Herrian dagoen kultura antifaxistak eragotzi egin du ultraeskuinaren gorakada eta gure legebiltzarrean haserrealdi politikoa areagotzea. Eta hauxe, nire iritzia indartzen duen arrazoi bat da. Espainiar estatuan faxismoaren gorakada, artikulu honetan azaldu dudan bezala, da nire iritziz, polarizazio politikoaren gorakada azaltzen duen erruduna.
Trump, Bolsonaro, Orban, Milei…ikusi dugu zer gertatzen den ultraeskuinak beste herrialde batzuetan boterea ukitzen duenean. Eskubide sozialetan atzekarada bortitza eta nabarmena, baita errepresio eta zentsura garaia ere kasu askotan.
Azaroaren 29ko hauteskunde hauetan asko dago jokoan Espainiar estatuan. Mobilizazioa eta parte-hartze handiak funtsezkoak izango dira. Polarizazizoak ez zaitzala geldiarazi eta ez zaitzala etxean gerarazi, botoa ematea inoiz baino garrantzitsua da jokoan dagoen guztiarekin.