IRITZIA

Berandu bada ere...

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Benito 2021ko abu. 24a, 13:30

Latiorroko Ikastetxetik uralita kentzen ari dira egun hauetan. / Juanjo Basterra

Hogei urteko atzerapenarekin, Eusko Jaurlaritzak eta Laudioko Udalak euren erantzukizunari aurre egitea erabaki dute, eta Latiorro Ikastetxeko amiantoa erabat kentzeari ekin diote. Egoera txarrean dagoen uralitaren 4.000 m2 inguru kentzen ari dira egun hauetan 1972. urtean eraikitako udal-instalazioko teilatuetatik. 2001. urtean, Estatuko legedian amiantoa, mineral kantzerigenoa (hiltzaile isila) erabiltzea debekatzearekin batera, Laudioko Udaleko talde teknikoaren txosten batek aitortu zuen garai hartan Latiorro Ikastetxeko teilatuetan eta pasabideetan zeuden uralitak “nahiko hondatuak" zeudela. Eusko Jaurlaritzak eta Laudioko Udalak, EAJk eta Batasunak, bakoitzak bere buruzagi eta talde teknikoekin (hau da, politikariak, arkitektoak eta abar), arazoa ezkutatzea erabaki zuten, obretarako aurrekontu handia izan arren, eta egoera txarrean zeuden uralitazko teilatu eta pasabide guztiak estali zituzten, kolore berdeko xaflekin.

2016an, nire alaba zentro horretako lehen hezkuntzako lehen mailako ikaslea izanik, aire librean zeuden gimnasioetarako pasabideetako uralita hondatuak ikusi ahal izan nituen. Amiantoa ikastetxe osoan kantitate handian topatu zitekeela egiaztatu nuen. Ikasleen eta langileen osasunarentzat suposatzen zuen arazoaz eta mehatxuaz jabetu nintzen. Gogoan dut egun haietan izututa ikusten nuela haurrek, kasu batzuetan, baloiarekin euren gainean zeuden uralita zaharrak kolpatzera iristen zirela. Zerbait egin beharra zegoen. 

“2016an, nire alaba zentro horretako lehen hezkuntzako lehen mailako ikaslea izanik, aire librean zeuden gimnasioetarako pasabideetako uralita hondatuak ikusi ahal izan nituen”

Gaia ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi nion. Ordura arte bezala, bazuten gertatzen zenaren berri, eta ez zuten ezer egiteko asmorik erakutsi. Beraz, Jesuri guraso-elkarteko kide gisa, elkarteko zuzendaritza-batzordearekin adostu nuen idazki bat egitea, material kantzerigenoa kentzea eskatzeko arazoaren arduradun diren aipatutako erakundeei. 

2016ko irailean hasi zen borroka. Behin salaketa-idazkiari udalean sarbidea emanda, Laudioko Udaleko gobernu-taldeko (EH Bildu) buruekin biltzea eskatu nuen, arazoaren larritasuna azaltzeko. Eta orduan hasi ziren gezur ofizialak, zentsura, kalumniak, irainak, mehatxuak eta errepresioa. Elkarlanean, Laudioko Udalak eta Arabako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak, EAJk eta EH Bilduk, ilegalki debekatu zidaten nire alabaren ikastetxean sartzea. Eta gezurretan hasi ziren, ikastetxeko zuzendaritzaren, irakasleen eta Jesuri guraso-elkartearen zuzendaritza-batzordearen konplizitatearekin. Uneoro ukatu zuten amiantoaren arriskua, txostenak ordaindu zizkioten Novotec enpresari, 2001an “hondatze nabarmena” zena 2016an “egoera onargarri” bihurtzeko. Ni isiltzen saiatu ziren, horretarako bide guztiak baliatuta. Ez zuten lortu. 

Borroka guztietan bezala, etsaiak egiten dira, etsai asko, baina baita lagun handiak ere. Juanjo Basterra ezagutu nuen, benetako kazetaria, urte asko daramatzana amiantoaren biktimei ahotsa ematen eta arazoa salatzen. Milaka heriotza, milaka gaixo. Roberto Eizmendi ere ezagutu nuen. Udaleko langile duina da, eta urte asko daramatza benetako borroka sindikalean. Lehen eskutik ezagutzen du amiantoaren arriskua, eta Kepa Galdosen lankidea izan zen. 2012an hil zen Galdos, Laudioko Udaleko langile moduan igaro zituen urteetan arnastutako amiantozko zuntzek eragindako birikietako minbizi baten ondorioz.  

Haiekin batera, eta haiei esker, borroka hazi egin zen, pasabideak eta loreontziak kendu behar izan zituzten, eta salaketa fiskaltzarengana iritsi zen. Fiskaltzak ofizioz jardun zuen, eta eginbideak ireki ziren, Osasun Publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Amianto-zuntzen neurketak egin ziren ikastetxeko giroan, eta salatzaileei ez ziguten zentroan sartzen utzi. Zuntzak zeuden airean, onartutako mugen barruan, esan zutenaren arabera. Zenbaki hamartar berdina neurtu zuten ikastetxeko bi toki ezberdinetan, gauza nahiko sinesgaitza dena. Espero zen bezala, justiziak ez zuen erantzuleen aurkako ekintzarik egin. 

“Haur laudiarren belaunaldi asko minbizia eragiten duen mineral horrekin bizi izan dira. Askoz lehenago egin behar zen, baina hobe berandu inoiz baino”

Garai hartan Laudioko alkate zen Natxo Urkixok honakoa esan zuen: "Justiziak arrazoia eman digu". Unea aprobetxatzen dut gogorarazteko arrazoia ez dela ez ematen ez kentzen, edo duzu edo ez duzu, eta zuek ez zenuten inoiz izan, ez arrazoirik ez zentzurik. Laudioarren 917 sinadura lortu ziren amiantoa Latiorro Ikastetxetik kentzeko eskatuz. Azkenean, amore eman behar izan zuten borrokaren presioaren eta bistakoa zenaren aurrean, eta esan zuten amiantoa 2019an edo 2020an erretiratuko zutela. Baina ez dute orain arte egin, 2021eko abuztuan, hogei urteko atzerapenarekin. Haur laudiarren belaunaldi asko minbizia eragiten duen mineral horrekin bizi izan dira. Askoz lehenago egin behar zen, baina hobe berandu inoiz baino. Espero dut ez dela beste kasuetan bezala gertatuko, eta amiantoaren erretiratzea langileen osasuna zaintzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiekin egiten ari dela. Eusko Jaurlaritzari eta udalari gogorarazi nahi diet Gregorio Marañon ikastetxean ere badagoela amiantoa, eta egoera txarrean dagoela. Ziur nago ikastetxe eta instalazio publiko gehiagotan egongo dela EAE osoan. Bataila bat irabazi da, baina borrokak aurrera jarraitu behar du. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide