Lerro hauek idazten ditut, iraganeko bizipenak partekatu eta gaur nire iritzi artikuluagatik erasotuta sentitu diren kide horiekiko errespetuz. Egungo udalbatzari eta oposizioko eragile politikoei zuzenduta zegoen testua eta Laudion musikarientzako espazio publikoaren faltaz eztabaidatzea zen asmoa, inoiz ez inor pertsonalki erasotzea. Biziki sentitzen dut kritika legitimo baten aurreko erantzuna haserre indibiduala, egiaren jabe izateko nahia eta eskualdeko medioa den Aiaraldea Komunikabidearekiko presioa izan izana. Azken horren paper bakarra herriaren iritzi aniztasunari ahotsa ematea izan da.
Lehenik eta behin, argitu nahi dut nire testuarekin batera zihoan Pinturen Etxeko berrokupazioaren argazkia, nire kide estimatua hainbeste interpelatu duena, ez zela nire hautua izan, eta komunikabideak hautatu zuela, testuingurua emateko. Mingarria da artxiboko irudi batek kolektibo oso baten borroka patrimonializatzeko eta enkoadraketa zehatz horretatik at gaudenon presentzian zalantzan jartzeko balio izatea.
Laudioko autogestioaren memoria kolektiboa eta heterogeneoa da (horrela sortu zen, anarkistak, autonomoak eta independentistak elkartuz, eta baita ezker abertzaleko militanteak ere). Ez da kontakizun bakarra:
- 1989-1990: Lehen agindua. Historiak gogorarazten digu Pinturen Etxea (Laudioko Skuata) 48 ordutan husteko lehen agindua Herri Batasuneko udalbatzaren pean iritsi zela. Asanbladaren erantzuna irmoa izan zen: barrikadak, protestak eta herri-borroka. Orduan bakarrik egin zuen atzera udalbatzak, negoziatzera eseri zen, ate batzuk jarri zituen eta instalazio elektrikoa hobetu zuen.
- Berrokupazioa gora eta behera: Behin betiko desalojatu zuen gero EAJk —haiek dira, zalantzarik gabe, mugimendu sozialen aurka oztopo gehien jarri dituztenak—. Horren aurrean, Skuateko asanbladak, Txitxarra Kolektiboak, Laudioko Kultura Etxean biltzen jarraitu zuen, berrokupazioa planeatzeko. Nik bertan gogoratzen zaitut, asanblada bakoitzean. Berrokupazioaren egun zehatz hartan, rolak banatu genituen: batzuk teilatuan zeundeten bitartean, beste batzuk behean ginen, kateatuta, guztien artean eta gorputzez gorputz desalojoari aurre egiten, ostikadaka kanporatu gintuzten beltzei aurre egiten.
- Kaleko elkartasuna: Beheko horiek izan ginen, ikasleekin eta laudioarrekin batera, furgoneten parean eseri ginenak, borra-kolpeak eta pilotakadak jaso genituenak, ibilgailuek ia harrapatuak zituztenak, zuek atxilo eraman ez zintzateten. Inor ez zen “gitarra jotzen ari”; atxilotutako kideen askatasuna defendatzen ari ginen, zurea barne. Ni bertan egon nintzela ez gogoratzeak ez ditu jasotako borra-kolpeak ezabatuko, ezta parte hartzen nuen musika taldeek egun hartan erakutsi zuten elkartasuna, errepresaliatu guztiekin, eta bereziki zurekin eta zure familia osoarekin, kide estimatu.
- 2000-2001: Larrazabalgo gertakaria. Musikariok alternatiba publikorik gabe geratu ginenean eta Landaluze kalean espazio pribatu bat autogestionatu genuenean —gure poltsikoekin alokairua ordainduz eta lokaletako hormak huts-hutsik zegoen espazio batean zerotik altxatuz—, ezker abertzaleko udalbatzak (Euskal Herritarrok/Batasuna siglapean) 48 orduko beste desalojo-agindu bat jarri zigun, segurtasun-araudiak betetzen ez zirela argudiatuz. Berriz ere, ez zen alternatibarik egon; baizik eta trabak, makilak gurpiletan. Eta berriro ere atzera egin behar izan zuen udalbatzak, musikariok Larrazabalgo auzo-batzarrera eta osoko bilkurara protesta egitera jaitsi ginelako, herritarren babesa lortuz.
Etor gaitezen orainaldira. Batzuen eta besteen trabak baino ez nituen azaleratu nahi, konparazioak txarrak dira beti, eta lehena naiz aitortzen EAJk jarritako oztopoak handiagoak izan direla. Ez zen sekula nire asmoa izan erabateko parekatzerik egitea, ezta ibilbide politikoak berdintzerik ere, baizik eta gaur pairatzen ari garen errealitate objektibo bat azaltzea: alkatearen besaulkian dagoena dagoela, emaitza bera da musikari independenteentzat, lokal publikorik bat ere ez.
Gaur egun, nire kideak defendatzen duen sentsibilitate politikoko udal-gobernu baten pean, diru publikoko 30.000 euro gastatu dira kultura-premiei buruzko estudio pribatu batean. Bitartean, Gardeako eskola zaharrak eta beste espazio publiko batzuek hutsik edo erdi hutsik jarraitzen dute, eta Laudioko musika talde independenteek, gazteek zein beteranoek, lokal pribatuak ordaintzen jarraitzen dugu entseatu ahal izateko. Egungo tokiko gobernuko zein oposizioko inork ez du erantzunik eman, eta benetan sentitzen dut testua zuri pertsonalki eragin badizu. Ez zen hori inola ere nire asmoa, adiskide, laguntzat baitzaitut nik, alderantziz hala ez bada ere.