Gaur egun, datu ofizialen arabera, amiantoa duten 3.996 metro karratu uralita geratzen dira Laudioko Latiorro Ikastetxean. Munduko Osasun Erakundeak mineral hori gizakientzako I. kategoriako kantzerigeno gisa katalogatua du. Uralita horiek 45 urte dituzte gutxi gora behera, eta euren bizitza-erabilgarria agortu dute, 2001ean jada “hondatze-egoera nabarmenean” zeudelako, Laudioko Udalak prestatutako txosten baten arabera. Amiantoaren arazoa txapa artean ezkutatzeko 2002 eta 2004. urteen artean egin ziren obretarako osatu zuen tokiko erakundeak txosten hori. Txapen artean ezkutatu zuten amiantoaren arazoa. Hori bai, txapa berdeak, noski. Ezin dugu ahaztu Latiorro Ikastetxean eskola ekologikoaren bandera berdea duela, kalitatezko Qa, eta baita osasun eta garbitasun alorretako beste hainbat errekonozimendu ere.
2016ko irailean eskola osoa betetzen duen amiantoa kentzeko nahitaezko borroka hasi nuenean, ez nuen pentsatzen horren zaila eta etsigarria izango zenik Instituzio Publikoetako, Laudioko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako zuzendariak -ikastetxearen egoera lotsagarriaren erantzuleak- kontzientziatzea. Ez nuen pentsatzen ezta horren zaila izango zenik Latiorro Ikastetxeko zuzendaritza kontzientziatzea. Zuzendaritza hori urte luzez egon da isilik eta gaur egun ere jarraitzen du isiltasun mingarri eta konplize hori mantentzen, arazoa ezagutzen duen arren. Isiltasun hori Guraso Elkarteko lagun aitatxu eta amatxuei ere zabaldu da, horiek ere isiltasun ulergaitza mantentzen dute, amiantoaren presentziak etorkizunean eskola komunitatearen osasuna arrisku larrian jartzen duen arren, gure seme-alabena batez ere. Itxaroten jarraitzen dut, itxaropena delako galtzen den azken gauza.
Administrazio publikoetatik -Udala eta Eusko Jaurlaritza- arriskua sistematikoki ukatzen edo gutxiesten jarraitzen dute, euren interes zekenen alde, aita batek bere alabarekiko duen interes naturaletik edota ikastetxeko beste ia 600 ikasleen interesetatik oso urrun daudenak. Zorroztasun eskaseko txosten oso garestiak ordaindu dizkiete Novotec edo IGR bezalako enpresa pribatuei, zeintzuetan profesional teknikoak omen direnek -dezentzia eta eskrupulu gutxikoak- motorra saltzen duten, “giroan lehen begiratuan fibrarik ikusten ez dela” argudiatuta, edo tranpak egiten dituzte solitariora jokatuaz arriskua ebaluatzeko formulekin. Osalanetik ere ez da sumatzen Laudioko Latiorro Ikastetxeko haurren osasunarekiko interesik eta, enpresa pribatuetako sasi-profesionalen antzera, erantzukizuna duten funtzionario publikoek ere arriskua ukatu eta gutxiesten dute, irizpide eta zorroztasun tekniko eskasekin eta inolako lotsarik gabe.
Fruituak eman ditu beste kide batzuen alboan -beteranoak bidezko aldarri honetan- eginiko borrokak, hainbat elementu erretiratu baitira: gimnasiora bideko arkupeetako 330 metro karratu uralita, umeen eskura zeuden 20 jardinera, umeen 6 geletako bitako zoru binilikoak eta EGBko laborategi zaharreko buchen pizgailuen plakak, hainbat arbelekin batera. Bada zerbait, baina, zoritxarrez, arazoak bere horretan dirau.
Egoera txarrean dauden 3.996 metro karratu uralita daude oraindik ganbaretan, zeinetara umeen komuneko ate batetik sartzen den, umeen guneko azken solairutik. Arazoak daude baita “helduen” gunean -4, 5 eta 6. mailak- jantokia eta ekitaldien gela ere barnebiltzen dituena. Bertan teilatu faltsu batek soilik banatzen du amiantoa azken solairuko komunetatik, eta posiblea da baita amiantoz konposatutako zori biniliko gehiago egotea kentzeke umeen gunean.
Gaur egun ez da aurrekontu partidarik existitzen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Osasun eta Ingurugiro Sailean desamiantatzeak gauzatzeko, nahiz eta amiantoaren potentzial kantzerigeno altua MOE eta IARC bezalako nazioarteko erakundeek aski frogatua egon, eta nahiz eta estatuan Ministerio Agindu bat egon indarrean 2001eko abenduaren 4tik, zeinen bidez debekatua dagoen eraikuntzan amiantoa erabiltzea eta zeinetan gaineratzen den jada jarria dagoen amiantoa kendu egingo dela bere bizitza erabilgarria amaitzen denean -hori da Latiorro Ikastetxean dagoenaren egoera-. Europar Parlamentuaren ebazpen bat dago baita ere, zeinetan herrialdeei eskatzen zaien eraikin publiko zein pribatuetan dagoen amiantoa modu seguruan kentzea. Hori guztia kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako arduradunak ezgaiak direla esan daiteke gai honi dagokionez; eta ezin da ahaztu, zoritxarrez, Euskadin milaka biktima eragin dituela amiantoak -hildako eta kaltetuak zenbatuta- eta milaka gehiago egongo direla etorkizunean.
Hala eta guztiz ere, Laudioko Udaleko -2012an amiantoagatik hil zen Kepa Galdos langilearen heriotzan zuen arduragatik kondenatutako udala, Euskadiko lehena- gobernu taldea, Eusko Jaurlaritza eta Latiorro Ikastetxeko zuzendaritza euren ukapen jarrera lotsagarrian sartuak jarraitzen dute, eta orain diote ez dagoela Latiorro Ikastetxeko amiantoa kentzeko dirurik, hezkuntza sistema honetan diru publikoaren bidez zentro pribatu eta itunpeko asko -nire ustez klasista eta baztertzaileak direnak- mantentzen direnean, instituzio publikoen onespenarekin. Ikastetxe horiek Haurreskuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %50a jasotzen dute, segregazio arazo larria sortuaz Laudion -Gora Lamuza Herri Ikastetxea!- eta Euskadin orokorrean. Hori dela eta, lerro hauek baliatu nahi ditut nire babesa adierazteko Eskola Inklusiboaren aldeko Herri Ekimen Legegileari.
Arestian aipatutako guztiagatik, Justizia Administraziora jotzeko ardura morala geratu zitzaidan. Gertaeren idatzizko salaketa bat aurkeztu nuen martxoaren 17an, zeinetan Euskadiko Fiskaltza Nagusiaren ofiziozko ikerketa bat eskatzen zen, eskolatik amianto guztia kentzearekin batera.
Hori zen geratzen zitzaidan aukera Latiorro Ikastetxean dagoen amiantoaren arazo larriaren aurrean Administrazio Publikoak duen ageriko arduragabekeria ikusita -ikusita egoera txarrean dauden 3.996 metro karratu uralita jarraitzen dutela eskolan- eta aita gisa dudan ardura kontuan hartuta, eta geroz eta kontzienteagoa izanda arazoak benetako dimentsioaz. Izan ere, Laudion badaude amiantoaren presentziagatik kaltetutako beste hainbat ikastetxe, Ugarteko Gregorio Marañon ikastetxea kasu -oso egoera kezkagarrian dagoena-, eta kontuan izan behar da gainera ez dagoela ikastetxe horiek guztien zenbaketarik Hezkuntza Sailaren partetik.
Fiskaltzak onartu egin zuen eskaera eta Arabako Ingurugiro Fiskaltzara bideratu zuen. Honek osasunaren aurkako ustezko delitu baten zantzuak sumatu ditu eta Ikerketa Diligentziak ireki dira Amurrioko Epaitegian. Itxaropena!
Espero dut artikulu honek balio izatea arestian aipatutako guztientzako gutun ireki gisa, erantzukizuna, zentzutasuna eta justizia eskatzeko.
Osasuna, hezkuntza eta askatasuna!